Hibernatzen duten ugaztunen hezurrek lesio eta ezaugarri bereizgarriak izan ohi dituzte, neguko hilabeteetan metabolismoa mantsotzearen eta lotan egotearen ondorioz.
Bada, Atapuercako giza hezurretan hartzek, saguzarrek edo trikuek izan ohi dituzten lesio eta kalte berberak topatu dituzte, Juan Luis Arsuaga eta Antonis Bartsiokas paleontologoek L’Anthropologie aldikarian argitaratu dutenaren arabera.
Duela 400.000 urteko hominidoek “negu hotzetan, luzaroan, janari gutxirekin eta gorputzeko gantz erreserbei esker bizirik irauten laguntzen zieten egoera metabolikoak” zituztela irudikatzen du horrek, hau da, gizaki haiek hibernatu egiten zutela.