argia.eus
INPRIMATU
Epaileen bedeinkatzea
Pauline Guelle @pokaxalo 2021eko urtarrilaren 21

Borroka judiziala eramatean, helburu nagusi bat duzu: epailearen onarpena lortzea. Iratxe Sorzabal Díazen estradizio kasuan, duela zonbait aste lortu zuten. Lortu zuten epaileek Espainiar estatuak galdegindako estradizio eskaera bat deuseztatzea. Orotara, Sorzabalek lau euroagindu zituen: bat deuseztatu zen baina beste hiruak lehenago onartuak izan ziren epaileengandik. Euskal presoa frantses estatuko presondegietan atxikitzen dute. Hala ere, Espainiak bere estradizioa galdegiten du, iberiar penintsulan leporatzen dizkioten egitateak epaitzeko.

"Abokatuek frogatu zuten Sorzabalen aitorpenak torturapean eginak izan zirela. Horregatik, epaileak Espainiak eskatutako azken euroagindua errefusatu zuen"

Euskal gatazkari lotutako kasuetan, ez da ohikoa euroagindu baten errefusa. Orduan, zertarako Espainiako euroagindua onartezina bilakatu ote zen frantses epailearentzat? Lehenik, pentsa daiteke Sorzabalen torturen frogek erakutsi zutela Espainiako justiziaren eskutan bere burua ez zela babestua izanen. Alabaina, presoak Istanbulgo Protokoloa bete zuen bere torturen sinesgarritasuna baieztatzeko. Nazioarteko gidaliburu horrek hainbat adituren bidez egindako analisi bat eskaintzen du. Hainbat arlotako medikuek txostena sortzen dute pazientearen adierazpenak segurtatzeko. Sorzabalen kasuan, lehenbiziko euroaginduak onartuak izan baziren ere, epaileek ez zuten torturarena baztertu. Aitzineko eskaeran, epaileak Sorzabalen tortura salaketak onartu bazituen ere, ez zuen argumentu hau atxiki presoaren estradizioa errefusatzeko. Bigarrenik, presoaren abokatuek frogatu zuten Sorzabalen aitorpenak torturapean eginak izan zirela. Horregatik, epaileak Espainiak eskatutako azken euroagindua errefusatu zuen.

Epailearen erabaki hau aurrekari bat da. Hemen, epaile frantses batek deuseztatu du Espainiako auzitegi baten eskaera. Horrek erakusten digu Justizia sistemaren konfigurazio horretan, epaileak jaun eta jabe jarraitzen duela. Azken euroagindu hori deuseztatzeko abokatuen lana erabakigarria izan da. Bi berrikuntza ditugu hemen: Istanbulgo Protokoloaren erabilpena, eta aitorpenen eta torturen arteko loturen frogatzea. Aldiz, epaileen erabakiek ondoko kasuen gain eragina ukaiten ahal dutenez  ez da errana. Torturaren egiaztatze eta frogatze lana, EAEn, partez egina izan da. Francisco Etxeberriak zuzendutako txostenaren arabera 4.000 tortura kasu baino gehiago zenbatu ziren 1960 eta 2014 urteen artean.

Baina, orain zer? Defentsa judizial indibidualizatua laguntzeko, defentsa kolektiboa eraiki behar genuke. Alde batetik, Euskal Herri osoko kasuen azterketa (Euskal Memoria fundazioak egindako lanean oinarrituz) eta, bestaldetik, estatuek eragindako bortizkeriaren aitorpena beharrezkoa lirateke. Ondorioz, biktimen errekonozimendua eta erreparazioa lor genezake.