Izenez soilik ezagutzen nuen Zozaya eta aitortu beharra daukat inoiz abizena ere nahastu izan diodala, baina ez neukan bere gaineko erreferentzia zehatzik. Bada, orain gutxi lagun batek musikari donostiarrak Azkoitiko Rö taldearekin batera Matadeixen egindako emanaldira gonbidatu ninduen eta sorpresa atsegina hartu nuen. Rö-rekin batera eztanda egin aurretik, Zozayak emanaldi biluzia egin zuen, berak bakar-bakarrik teklatuak eta gitarrak tartekatuz. Goxo aritu zen, baina eszenaratze sotil horretan nabaritu zen badaukala barruko grina berezia eta talentua.
Gauzak horrela, honako hau idazten ari naizen egunean bertan Zozaya berriro agertokian ikusteko aukera izan dut ia oharkabean, bere kantutegi, esentzia eta taldearekin. Zozaya, bere ahots xuxurlari baina sarkorrarekin, teklatuan tarteka eta gitarran bestela. Eta alboan gitarra eta bateria jotzaile bana, fin-fin. Emaitza, bestelakoa. Abestiak sotil, baina oso dotore jantzita, eta behin baino gehiagotan eztanda eginda.
Eta, ondorioz, esku artean daukadana da dagoeneko zeresana ematen hasia den eta uste baino eskarmentu handiagoa –gehienetan gordeta– daukan musikari donostiar gazte honen azken lana, (I) izenekoa eta bost kantaz osatutakoa.
Bat piano doinu malenkoniatsuak zabaltzen du eta Zozayak xuxurlatzeari ekiten dio. Gitarra garden eta atmosferikoen laguntzaz intriga pizten du eta elektronika tantak eta pop zirimiria batuta Björk-en goxotasun misteriotsua ekarri dit gogora. Benetan-ek gehiago dauka PJ Harveyren arrisku sentsaziotik eta minimalista bada ere ilunduz eta intentsitatea gehituz doa. Alien (hauxe gaztelaniaz) pieza melodiko itsaskorra da, borobila, elektronika lausoaren giroekin pausatzen eta kiribiltzen joaten dena. Lili-k oinarri latinoa dauka. Elektronika pixka batek lagunduta eta euskaraz lotsagabeki autotune-a modu sosegatuan erabilita Björk eta musika hinduaren antzeko topaketa irudikatzen du. Owltro ilunagoa da, abesteko modu orkestralagoa darabil eta Nick Caveren Murder ballads-en espirituari helduz bezala girotzen du.