argia.eus
INPRIMATU
Zerbait gertatzeko derrigorrezko desbideratzea
  • Izenbururik gabeko margolan koloretsuak, forma asimetrikoetako mihise tindatuak, dekorazio aldizkarietako argazkiekin egindako collage-ak, hainbat pantailatan erreproduzitzen diren bideoak, egur xaflak, gorputz grabaketak, koloretako pelutxe hartz handia… Artelan hauek dira Donostiako Tabakalerak eta Gasteizko Artiumek antolatutako JAI (Praktika Artistikoetako Institutua) ikasketa-programako emaitza artistikoak. 2020ko uztailean eta abuztuan garatutako programa honetan hamar bat artistak hartu dute parte eta haiekin batera hainbat disziplinatako profesionalak izan dituzte bidelagun eta erreferente.

Marta Sendiu Zulaika @martasendiu 2020ko abenduaren 24a
Argazkia: ArtiumArgazkia: Artium

Artium museoko lan proposamenak hamar kideren lanak barnebiltzen ditu. Akane Saraiva Rando (Galdames, 1997), Antonio Menchen (Espainia, 1983), Cécile Brousse (Frantzia, 1985), Ibon Landa Amutxategi (Gasteiz, 1994), Izaro Ieregi (Algorta, 1987), Charlotte Nordgren Sewell (Suedia, 1993), Diego Diez (Katalunia, 1994), Rocio Agudo Martinez (Espainia, 1996), Mikel Escobell Castro (Arrasate, 1991) eta Jara Narvalaz (Iruñea, 1995) dira erakusketaren sortzaile artistikoak. Mundu garaikideari ikuspegi kritikoz begiratzeko gaitasuna ageri da Artiumeko laugarren gelako esposizioan. Gaur egungo errealitatearen eta adierazteko beren lengoaiaren arteko komunikazioa garatu dute ikasketa prozesu honetan.

Sortzaileen aretoan ikusgai dagoen erakusketa honetara sartu bezain laster, askotariko diziplinek ematen dute atentzioa. Hainbat modu eta formatutan daude sakabanatuta artelanak, batzuk lurrean, beste batzuk hormetan edo sabaian zintzilik… Aretoko sarreraren ondoan pantaila txiki bat ikus daiteke, han neska bat ageri da koloretako hartz panpin erraldoiekin bakarrizketan. Segidan sabaitik eskegita dagoen oihal tindatu bat eta haren ondoan aldizkarien ebakinekin osatutako collage bat dago. Koloretako koadro bat eta bata bestearen gainean jarritako zurezko xafla batzuk ere ageri dira. Lurrean jarritako hiru pantailen artean bideo ilun bat ikus daiteke eta segidan beltzez margotutako elikagai batzuen ontziak lurrean aurki ditzakegu.

Askotariko objektuen arteko uztarketa lana egin dute hamar artista gazte hauek eta munduaz haien interpretazioa adierazi nahi digute lengoaia pertsonaletik. Teknika ezberdinen bidez proposamen berriak dakarzkigute. Donostiako Tabakalerako ikasketa prozesu kolektibotik Gasteizko Artium museora ekarritako erakusketa honetan arte garaikidearen inguruko hausnarketak plazaratu nahi dizkigute.