Lerro hauek idazteko unean, hirurogei adineko hil dira dagoeneko Lleidako Fiella-Sant Hospital de Tremp Fundazioaren egoitzan, COVID-19aren agerraldi baten ondorioz. Horrek esan nahi du hilabete eskasean 143 egoiliarren %40 hil direla, Pallars Jussà hiriburuak dituen 6.000 biztanleen %1. Inguruko guztiek dute senide edo ezagunen bat hildakoen zerrendan, ez dago kontsolamendurik shock egoeran dagoen eskualde batentzat.
Estatistikako Institutu Nazionalaren datuen arabera, 2020ko lehen bost hilabeteetan 231.014 heriotz gertatu ziren Espainiako Estatuan, aurreko urteko epe berean baino 43.537 gehiago. Horrek esan nahi du % 23,2ko hazkundea izan dela, goranzko joera bat marraztuz, eta ziur asko urte zorigaiztoko hau zifra errekor batekin itxiko dugu.
"Bizitza bera bezain iraunkorra den errealitateari bizkarra emanda bizitzen jarraitzen dugu: heriotzari. Eta nik uko egiten diot zeharka begiratzeari"
Heriotz gehienak biktimen bakardade testuinguru batean heldu dira, konfinatuta eta ingurune afektiboarekin harremanik izan gabe eman dituzte bizitzaren azken uneak, eta gertukoek ezin izan diete agur esan, ezta ohiko hileta-erritualak normaltasunez ospatu ere. Horrek guztiak inpaktu emozional handiagoa ekarri du, larritasun-egoerak eta dolu zaileko prozesuak, aditu guztiek diotenaren arabera.
Hala ere, bizitza bera bezain iraunkorra den errealitateari bizkarra emanda bizitzen jarraitzen dugu: heriotzari. Eta nik uko egiten diot zeharka begiratzeari, lehenago edo geroago denok aurre egin beharko baitiogu. Hainbeste pertsonari gertatu zaion bezala, 2020 madarikatu honetan, duela bi aste, nire osabetako bat betiko joan da.
Patua edo kasualitatea tarteko, albiste tristea jaso aurreko egunean Kilian Jornet elkarrizketatzeko zortea izan nuen, askorentzat inoizko alpinistarik balioaniztunena. Bere ibilbidean hainbat lagun galdu baditu ere, kontatu zidan bere kirol jardueraren batzuetan arriskuan jartzen dela jakin arren mendira joaten jarraitzen duela bizirik sentitzeko: “Bizirik mantentzen gaituen beldur bat dago, amildegian zaudenean jauzi ez egitea eragiten dizuna”.
Handik gutxira, besarkadarik gabeko tanatorio hotz batean, bere hitzak gogoratu nituen, eta hausnartu nuen nola bultzatzen gaituen sistema deshumanizatzaile honek eguneroko estresera, hormigoiz inguratutakoa, zeinean kontaktua galtzen dugun bizitzaren beraren esentziarekin eta bere ziklo naturalekin. Heriotzak sortzen digun izu-laborriaren arrazoietako bat izan daiteke hori, uzten duen hutsunearekin topo egiten dugun unea baita. Bizitzaren balioarekin berriz ere konektatu eta arnasa hartzen jarraitzeko zorteari eutsi nahi diogu orduan.
Eutanasiaren lehen legea onartu dute berriki Espainiako Kongresuan, heriotza duina izateko eskubidea berretsiko duena behingoz. Horrela, egoera itzulezinak dituzten pertsonen eta maite dituztenen itxaronaldi luzeekin eta sufrimendu bidegabeekin amaituko da. Gure oroimenean biziko dira, inoiz ez da hiltzen ahazten ez dena. Agian, egin diezaiekegun omenaldirik onena bizitzea merezi duen bizitza baten alde borrokatzen jarraitzea da. Zuengatik.