argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Oda bat maskarari
Aritz Galarraga 2020ko abenduaren 22a

Maska, maskara, maskarilla, pandemia honetako heroi umila, bestelako protagonista izarren aldean, gel, distantzia sozial, txerto, mundu mailako krisi honen biktima isila, bizitzak salbatu dituzu hamar, ehun, mila, nork merezi duen kale, estatua, txalo zaparrada bat, ez segi bila, zu gabe jendea legoke gaixorik, ZIUn, hila, zu gabe kalean sentitzen naiz biluzik, denen bistara makila, hainbeste tontakeria, hainbeste katramila, izan neskatiko, izan mutila, erabili burua, izan sotila, abila, jantzi ezazu, ez ukondo, ez kokots, ez papadan, jantzi ezazu modu egokian maskarilla.

Maskara, maskarilla, maska, zergatik sortzen duzu hainbeste gatazka, zurekin babestuta daude Dolores, Miren, Gaizka, jendea aldiz zutaz gaizki esaka, builaka, zer ez duzun sufritu, sufrituko, jaten badut ajoarrieroa, jaten badut baratxuri, pinazi, albahaka, isiltasunean beti, banaka, bihotza pilpiraka, omenaldi guztiak merezi dituzu ordea, ez ibiltzea purrustadaka, eta batez ere erabil zaitzaten, eman diezazuten hats, egin diezazuten kili-kili, harramazka, ezen jendea ikustea kaletik zu gabe, ahobizirik, ze nazka, haika mutil, haika neska, beste kanpaina hartan esango luketen moduan, jar ezazu, jar iezaiozu maska.

Maskarilla, maska, maskara, oda bat egin dizute azkenerako, hara, gutxiago ez zenuen merezi, bai lehentxeago, zer den esker txarra, utzi dezagun erosotasuna, pasa gaitezen ekintzara, mundu guztia oroitzen da hildako, gaixo, konfinatuekin, birusetik libratzen gaituen trapua, berriz, darabilgu nahi gisara, erabili eta bota, zerrien askara, sarri zikin, sarri arre, sarri horikara, ez ote zaren bide-erakusle baina, iparrorratz, ez ote zaren gaur egungo gizartearen dardara, etorkizun hobe baten esperantza galdara, esan dezagun ozen, kontxo, egin dezagun algara, maskara naiz, maskara gara, ala ez gara.