argia.eus
INPRIMATU
‘House’ telesaileko azken bost minutuak
Sonia González @sonetska 2020ko abenduaren 24a

Michael Mooreren Sicko dokumentalak inarrosi egin ninduen. Hasieratik larritu ninduen, mutil hark, orratz eta haria eskuan, zirujau lana egin behar izan zuenean zangoan zeukan ebakia josteko. Segidan, istripu batean hatz luzea eta eraztun atzamarra ebaki zituen gizona. Luzeak, 60.000 dolar; besteak, 12.000. Erabaki behar bietatik zein lotu. Eta bihotzak zausk egin zidan.

Orduan off-eko ahotsak zehaztu zuen dokumental hori ez zela osasun asegururik ez zeukaten 50 milioi lagunen ingurukoa, baizik eta Ameriketako Estatu Batuetan asegurua izan bazeukaten, ordaintzen zuten eta, hala ere, arretarik jasotzen ez zuten 250 milioien inguruan.

2007 urtea zen. Hemen erasoaldia nabarmenagotzen ari zen. Urrunetik dator, 1986ko Osasunaren Lege Orokorrak bide eman zionetik. Ondoren, 1991eko Abril txostena, 1997ko legea (PNVren baiezkoarekin) eta abar. 2007 urtea, Madrilen Agirreren pribatizazio sukarra bor-borrean eta gurean osasun publikoa okerragotzen, ditxosozko lankidetza publiko-pribatuaren mantra pean.

"Osasun pribatua indarrez azaldu da orain, azken estoke-kolpea eman guran. Eta hainbat kontu ikasi ditugu biderkatu diren iragarkien bitartez"

Segidan 2008ko krisialdia eta Brusela zein Madriletik zetozen murrizketen aitzakia. Konturatu baino lehen, 2020. Eta pandemia. Eta osasun publiko anemikoa eta profesional ahituak aurre egiten. Konturatu omen ginen zenbateko garrantzia daukan osasun publikoak. Eta jendeak txalo egin zuen leihoetatik. Folklore horretan entretenitu bitartean, erantzukizunik ez. Eta heroi deitu behar geniela esan ziguten, ezer ez exijitzea delako heroien idiosinkrasia.

Osasun pribatua indarrez azaldu da orain, azken estoke-kolpea eman guran. Eta hainbat kontu ikasi ditugu biderkatu diren iragarkien bitartez:

1. Ospitalerik onenak erabili ahal izango ditugula. Ez nekien nik halako ranking bat dagoenik. Ezta ospitale pribatuak ranking horren lehen postuetan daudenik ere. Beste ranking batzuk bai ezagutzen ditut, hala nola Osasun Publikoaren Defentsarako Federazioak 2019an erkidegorik pribatizatzaileenekin argitaratu zuena. EAE, 5. postuan –Madril, Katalunia eta uharteen atzetik–; Nafarroa, 10. postuan. PNV kudeatzaile “hobea”, antza, baita UPNren gobernu guztien ondoren ere.

2. Telefonoz artatuko gaituztela. Telemedikuntza flemoi edo konjuntibitiserako agian bai. Baina horra arte. Hori ere erakutsi digu pandemiak. Baina horixe da funtsa: osasun aseguruek ez dute gaixorik nahi, Skype bidez arta daitekeen jende gazte eta osasuntsua baino. Gainera...

3. Zure bizimodua osasuntsua bada, beherapena egingo dizute. Hau bezero gehiago lortzeko amua izatetik, laster bihurtzen da zigor. Ez baduzu X pauso egunean egiten, lodi bazaude, erretzen baduzu, minbizi aurrekariak badauzkazu eta batez ere zaharra bazara, prima garestiagoak eta estaldura urriagoak.

Bai, bospasei minutu falta zituen serie hark. Housek telesailean gaixotasun arraroen bila agintzen zituen froga garesti guztien ostean, zer gertatzen zen? Pazienteek, asegurua izan arren, aparteko fakturak ezin zituztenean ordaindu, ze etorkizun? Zer gertatzen zen porrot ekonomikoa aitortu behar zutenean, kartzelara ez joatearren?

Eta ez esan hemen ez litzatekeela gauza bera gertatuko. OCU kontsumitzaileen elkarteak ohartarazi duenez, polizen %24k popa bistan utzi du ordaintzen dituen jendea. Lau polizetatik batek. Eta hori iaz, bezeroak lortzeko fasean. Osasun pribatuaren helburua ez delako jendea osatzea, dirua egitea baino. Atzean banka, inbertsio funts eta multinazional berberak daude eta akziodun bertsuak. Horrelakoei berdin bazaie jendea etxetik botatzea, enpagu handirik ez hiltzen uztea.