argia.eus
INPRIMATU
Existitzeaz
Castillo Suárez @casti_suarez 2020ko abenduaren 24a

Balorazio baikorra egin dute Durangoko Azokako zein Euskaraldiko arduradunek. Ez dut nik zalantzan jarriko baikortasuna, ez dut ukatuko egin ahal izatea bera dela poztasunerako arrazoi bat, baina nago exigentzia-maila oso behean genuela jarrita. Eta bada

"Etxea liburuz beteta izanagatik, ez dut liburu bakar bat ere erosi Durangon. Lehen ere, liburu gutxi erosten nituen han, nahiz eta ia egunero joan"

gauza (on) bat pandemiak ekarri duena, alegia lorpenei, txikiak izanagatik, begi zoliagoez begiratzen diegula. Ez naiz ni ezeren adibiderik egokiena. Etxea liburuz beteta izanagatik, ez dut liburu bakar bat ere erosi Durangon. Lehen ere, liburu gutxi erosten nituen han, nahiz eta ia egunero joan, lagun eta ezagunekin elkartzera. Betiko moduan erosi ditut liburuak, herrian, hiriburuan eta argitaletxean zuzenean. Ez naiz streaming bidezko jardueretara konektatu. Restop batean geratu naiz Miren Agur Meaberekin bere liburua oparitu nahi didalako. Bilera batera ekarri didate Mikel Sotorena. Liburuzalea naiz objektuzalea naizen aldetik. Baina non eta norekin eskuratu nituen ez zait erraz ahazten. Aitzakia bat dira, maiz, besteekin elkartzeko. Seguruena horregatik ez dut DAn aurten ezer erosi. Eta arranguraz diot, Harkaitz Canok esaten duen bezala, badelako jendea Durangoko Azokan besterik existitzen ez dena. Eta horiek gabe ni ere ez naiz existitzen, hein batean.