1642an Ingalaterrako Parlamentuak ordenantza baten bidez Eguberriak debekatu zituen, puritanoen bulzadaz, "haragikeriari eta gehiegikeria sentsualei askatasuna eman zietelako".
Londres, 1642ko abenduaren 19a. Ingalaterrako Parlamentuak ordenantza bat onartu zuen, herritarrei gomendio hau luzatuz: “Eguberrietan apaltasun irmoenaz joka dezaten, gure eta gure arbasoen bekatuak gogoan izanda, Kristoren oroimenaren aitzakian jai hauetan Jainkoa erabat ahaztuta zutelako, eta haragikeriari eta gehiegikeria sentsualei askatasuna eman zietelako”.
Karlos I.a erregea ez zen horrelako neurrien aldekoa, baina parlamentuan puritanoak ziren nagusi. Gainera, urte horretan bertan Westminsterreko Batzarrean bildu ziren lehenengoz hainbat teologo, 1534an sortutako eliza anglikanoaren norabidea zehazteko. Hor ere katolizismoaren gehiegikeriak baztertzen zituzten eta luxurik gabeko aszetismoa bultzatzen zuten puritanoak ziren nagusi.
Hurrengo urtean, 1643an, ez zuten soilik ordenantza berretsi, gogortu baizik: Eguberriak, Mendekoste eta Pazkoko ospakizunak legez galarazi zituzten. Debekuak 1660. urtera bitartean iraungo zuen, Karlos I.aren seme Karlos II.ak koroa jantzi zuen arte. Eta, gainera, debekua ez zen Ingalaterrako Erresumara mugatuko: 1657an, Atlantikoaz bestaldean, Massachusettseko puritanoek ere Eguberria debekatzea lortu zuten, jaia ospatzeko atrebentzia zutenei bost txelineko isuna ezarriz.
Ingalaterran, neurriak liskarrak eragin zituen. Gogorrenak 1647. urtean gertatu ziren Londresen, Ipswichen, Norwichen eta, bereziki, Canterburyn. Herritar askok Eguberri eguna publikoki ospatu zuten eta abenduaren 25ean ateak zabaldu zituzten saltokiak eraso zituzten. Ingalaterra erregearen aldekoen eta Oliver Cromwell buru zuten indar parlamentarioen arteko gerra zibilean murgilduta zegoen, eta “Eguberria salbatzea” arma politiko bilakatu zen, Karlos I.aren aldeko kausari zale asko eta bultzada handia eman zion tresna, lehen urteetan behintzat.
1649an amaitu ziren liskarrak, erregezaleak mendean hartu zituztenean eta Karlos I.a, urtarrilaren 30ean lepoa moztuta hil zutenean. Hurrengo hamarkadan ez zuten Eguberria ospatuko, publikoki behintzat.