argia.eus
INPRIMATU
Amaia Arrazola. Sortzailea
“Amatasunak belarrondoko bat eman zidalako sortu nuen liburua”
  • Amaia Arrazola (Gasteiz, 1984) ilustratzaileak Publizitatea eta Harreman Publikoak ikasi zuen Madrilgo Complutense Unibertsitatean. Publizitate agentzia batean lan egin ostean Bartzelonara lekualdatu zen, eta han bizi da orain dela hamar urtetik. 2018ko urrian ama izan zen, eta bere unibertsoa mila pusketatan lehertu zela aitortu du. Isilarazitako amatasunaren aldarrikapena egin du argitaratu berri duen El meteorito (Lunwerg Editores, 2020) ilustrazio liburuan.

Saioa Baleztena @Saioabaleztena 2020ko abenduaren 23a
(Argazkia: José Gallardo)
(Argazkia: José Gallardo)

Marraztea adierazteko modu bat omen da zuretzat. Noiztik?

Betidanik. Ttikia nintzenean eta nire ahizpekin dendetan erosketak egitera jolasten nintzenean, erositako produktuak marraztu egiten genituen. Denetarik genuen: frutak, barazkiak, soinekoak eta baita elkarri deitzeko erabiltzen genituen telefonoak ere. Marrazketarekin, pinturarekin eta sormenarekin zerikusia duen guztia gustatu izan zait betidanik. Baina sekula ez nuen imajinatu nire ogibidea hau izanen zenik! Erranen nuke booma 22 urte nituenean etorri zela, urtebetez Parisera ikastera joan nintzenean. Oroitzen naiz bertan neska ilustratzaile bat aurkeztu zidatela eta zerbait piztu zitzaidala barruan: “Marraztuz bizi daiteke?”, galdetu nion nire buruari.

Gasteizen jaio zinen arren, Madrilen eta Bartzelonan pasa dituzu azken urteak. Kataluniako hiriburua sortzaile anitzen bizitokia da.  

Bartzelona etxea da niretzat. Bertan lurreratu nintzen Madrilen zortzi urtez ikasten eta publizitatearen arloan lan egiten aritu ondotik. Eta Bartzelonak ezin hobeki hartu ninduen. Nire asmo berdinak zituzten eta adoptatu ninduten hainbat pertsona ezagutu nituen, margolariak edo ilustratzaileak ziren, eta bide berri bat hasi genuen elkarrekin. Coworking bat sortu genuen, coworking hitza ere existitzen ez zenean: tira, sinergiak gurutzatu eta elkar babesteko elkartu ginen. Elkarrekin bakarka baino indartsuagoak ginela ikusi genuen. Gaur egun, ez gaude sabai beraren azpian, baina familia dira Guim Tió, Conrad Roset, Chamo San… Bartzelona itsasoa ere bada, epeltasuna, argia, terrazak, irriak, egitasmoak, kultura, festa, artea… nire alaba katalana da.

Bertan gelditzeko asmoa duzu?

Momentuz hemen jarraitzen dut. Bikotekidea Kanariar Uharteetakoa da eta beti pentsatu izan dugu Gasteiz eta Kanariar Uharteen artean, Bartzelona ez dagoela gaizki erdibideko bizitoki bezala. Argi duguna zera da, oraintxe hirigunea behar dugula bizitzeko, gure lana ahalbidetzen duten gauzak izateko: nik ilustratzaile bezala eta berak margolari bezala. Baina egia da geroz eta gehiago botatzen ditudala faltan nireak: Euskal Herria, berdea… Sustraiak, funtsean.

Krisi ekonomikoa lehendabizi eta pandemia gero. Zaila izan zaizu ilustraziotik bizitzea?

Tira, krisiaren alaba naiz. Ez ditut ugaritasun-urteak ezagutu. Beraz, nire ogibidea garatu dut zailtasun aro honetan eta ez dut bertzerik ezagutzen. Hauek dira nire jokoaren arauak. Baina bai, noski, zaila da. Zorionez, familiaren babes izugarria izan dut eta hori ezinbertzekoa izan da artea nire ogibide bilakatzeko. Bartzelonara etortzeko Madrilgo publizitate agentzia batean neukan kontratu mugagabea uztea erabaki nuenean, nigan sinetsi zuten eta nire karreran konfiantza izan zuten. Eta pandemia garaian, tira… gauzak egiten jarraitu beharra zegoen, ezin naiz geldirik egon.  

Dena etiketatzeko ohitura duen gizarte honetan, zuk ihes egiten duzu eta eroso zaude sortzailearen aterki zabalean, ezta?

(Argazkia: José Gallardo)

Gizarte oso indibidualista batean bizi gara. Eta, zintzoki, uste dut gauza onak komunitatean gertatzen direla. Nire ibilbidea lagun talde batekin abiatu nuen. Bakoitzak bere bidea zuen baina elkarrekin indartsuago ginen. Gaur egun, hainbat sormen esparrutako jendearekin kolaboratzen dut etengabe eta horrek aberasten nau.

Aldiz, ohikoa da sortzaileen artean etiketen arteko desberdintasun hori aldarrikatzea. Zer ematen dizu zuri askatasun horrek? Zertan desberdintzen zaitu?

Pentsatzen dut badagoela jendea adar bakarrean sakonki lan egitearen aldeko apustua egiten duena, baina ez da nire kasua, nik aldatzeko beharra daukat, gauza berriak probatu eta mugimendua sentitzeko. Zeharkakoa sentitzen naiz zentzu horretan. Sormena gustatzen zait bere adierazpen desberdinetan; zoratzen nau bertze pertsona batek idatzitako testu-liburu bat ilustratzeak, zerotik osorik neronek liburu bat egiteak adina. Enkarguak gozatzen ditut, interesgarriak direnean, noski. Muralismoa eta formatu handiko pintura maite ditut, baita zeramika, poesia edo tipografia ere. Ez dakit, ezingo nintzateke etiketa bakarrarekin identifikatu, gainontzekoak galtzeak pena handia emango lidakeelako.

Ama zarela erran diguzu. Hitz egin dezagun zure bigarren erditzeaz: El meteorito liburua argitaratu duzu pandemia betean. Noiz eta nola sortu zen ideia?

Alaba bat izateak zer erran nahi zuen ikusten hasi nintzenean erabaki nuen liburua egitea. Bi arrazoirengatik, batez ere. Batetik, garrasi gisa: beharra nuen “hemen jarraitzen dut!” erran, eta nire ama nortasunak gainontzeko nortasunak eklipsatu ez zituela lau haizeetara aldarrikatzeko. Bertzetik, amatasunak belarrondoko bat eman zidalako. Ez nuen espero hainbertze emozio, bizipen, neke, eskaera, beldur, amodio… “Zergatik ez zidaten hori aurretik azaldu? Nola da posible honen berririk ez izatea?”, pentsatu nuen. Nire kabuz aztertzen hasi nintzen eta ikusi nuen baietz, bazeudela amen kontakizunak zentzu horretan. Esther Vivasen Mamá desobediente (Ama desobedientea) liburu zoragarriarekin topo egin nuen, eta baita ere Jane Lazarreren Nudo materno (Amaren korapiloa) liburuarekin eta Sylvia Plathen hainbat poemekin. Duela guti Katixa Agirreren Amek ez dute irakurri dut eta maite dut ama izan diren emakumeak irakurtzea… Baina zintzoki, amatasun esperientziaz guti idatzi da eta nik egitea erabaki nuen. Zergatik ez?

Zenbateraino dago amatasuna idealizatuta zure ustez?

Emakumearen inguruko hainbat kontutan gertatzen da, eta nola ez, amatasunean ere bai. Ama izatearen gaineko erromantizazioa eta idealizazioa da nagusi: zoriontasun malkoak, “zure bizitzako egunik hoberena”, ama-sena… Eta gero daude obligazio guztiak; ama-kemena, bere haurrengatik dena sakrifikatzeko prest dagoena, beti hor, indartsu… Eta noski, eskatzen zaigu lau hilabeteko amatasun baimenaren ondotik lanera itzultzea, haurtxoa haur eskolan utzi eta aurrera! Ama izateak sekulako nahasmena eragiten du gure bizitzan. Meteorito bat da. Eta egiazko amatasun hori ez da saltzen, instagramen atsegin dut-ik eragiten ez duen emakumearen ikuspegi iluna erakusten duelako.

El meteorito, beraz, amatasun errealaren aldarrikapena egiten duen liburua da?

Egia erran, hasieran ez nuen aldarrikapenik egin nahi izan, bizitakoa kontatu nahi izan nuen, bertzerik gabe. Kontatua izateko hainako gogorra iruditzen zaidalako. Baina kontuz, beti diot nire amatasuna kontatzen dudala bakarrik, ez dut iradokizunik egiten ez naizelako inor hori egiteko. Ez naiz espezialista gai honetan. Are gehiago, liburua hasten da erranez, “Amaia estimatua…”. Alegia, nire buruari solastatzen diot, duela bi urte eta bederatzi hilabete gainera zetorkiona ezagutzen ez zuen Amaiari. Baina kontziente naiz nire testigantza agian erabilgarria dela, bakarrik sentitzen diren bertze emakumeentzat. Bakarra ez zarela jakiteak eta bizitzen duzuna arraroa ez dela ikusteak lagundu eta sendatu egiten du.

Nola eragin dizu amatasunak zure ibilbide profesionalean?

Erabat. Batez ere, erdiondoko lehendabiziko urtean. Hainbat zentzutan. Batetik, bat-batean nire espazio mentala zein sortzeko espazio fisikoa galdu nituen, erabat. Nire lana marraztea da, sortzea eta margotzea, eta Ane jaio zenean ez nuen bera ez zen ezertan pentsatzeko aukerarik. Noski, nire amatasuna markatuta dago nire testuinguru pertsonalarekin, nire bikotekidea eta ni Bartzelonakoak ez garenez ez dugu familia sarerik inguruan. Hirurok bakarrik ginen eta lana egiteko espazioa murriztu zitzaigun egun batetik bertzera. Lana egitea edo lana egitean pentsatzea ezinezkoa zitzaidan haurtxoa eskuetan nuela.

Bertzalde, nire lanak halabeharrezko eraldaketa pairatu zuen. Badira dagoeneko Anerekin bateragarriak ez diren lanak, batez ere muralak. Formatu handiko pinturak orduak behar ditu, dedikazio handia, esfortzu fisikoa eta mentala: aldamio batean goraka eta beheraka ibiltzea, grua bat gidatzea, hiru egunez etxetik kanpo egotea… gaur gaurkoz egin ezin ditudan gauzak dira horiek. Espero dut etorkizunean berreskuratu ahal izatea, izugarri gustatzen zitzaidalako. Oraingoz estudio lanean ari naiz, tamaina –baina ez garrantzia– ttikiagoko proiektuetan.

El meteorito liburuko ilustrazioa

Zer deritzozu liburuaren harreraz?

Hagitz zoriontsu nago. Berriki konfirmatu didate makinetan sartu dela bigarren edizioa. Horrek pozez zoratzen nau, imajinatu. Eta baita jaso dudan erantzunak ere. Sare sozialek hori dute, irakurtzen zaituenarekin elkarrizketa kasik konstantea ahalbidetzen dutela; onerako zein txarrerako. Nik bizi izan nuena pasa duten emakume anitzek erraten didate nire liburuari esker babestuago sentitu direla. Neska batek Instagrametik lehen aldiz bere erditzea eta erdiondoa kontatzeko mezu bat bidali zidanean, negar egin nuen. Hunkigarria da historia hain pertsonal batekin konektatzea erabat ezezaguna den jendearekin.

Hitzaurrea Esther Vivas kazetariak idatzi du.

Bere liburua itsasargia izan zen niretzat. Irakurtzen hasi nintzenean hainbertze gauza ulertu nituen… %100 konektatzen dut bere diskurtsoarekin. Hagitz kontent nago bere liburuak hain harrera ona duela ikusita. Irakurri behar da, ama edo aita izan edo ez. Betidanik pentsatu izan dut denok ez garela ama edo aita izango, baina seme-alabak garen heinean gehiago konektatu beharko genuke gai hauekin.  

Zein dira orain esku artean dituzun proiektuak?

Anerekin [alaba] konfinamenduan egin nituen kartoizko jarduera batzuetatik jolas-liburu bat sortu da, eta argitaratu egingo dut. Oraintxe bertan, hori da ilusio gehien egiten didan proiektua. Etxean ginela, esne kartoiak hartu nituen eta Anerentzako puzzle batzuk sortu nituen. Instagramera ere igo nituen. Ongi funtzionatu zuen, une horretan guztiok geundelako geure seme-alabak entretenitzeko gisa horretako gauzen egarriz. Baina sorpresa izan zen Flamboyant argitaletxe preziatua etorri izana, publikatu nahi zuela erranez. Urtarrilean aterako da, azkenean!