argia.eus
INPRIMATU
Elena Cornaro Piscopia salbuespena izan zen
  • Padua (Italia), 1678ko ekainaren 25a. Elena Cornaro Piscopia hiri hartako unibertsitateko filosofiako doktore izendatu zuten; lehen emakumea izan zen unibertsitateko doktoretza titulua jasotzen.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2020ko abenduaren 16a
Elena Cornaro Piscopia (1646-1684). (arg.: Accademia Degli Infecondi)
Elena Cornaro Piscopia (1646-1684). (arg.: Accademia Degli Infecondi)

Elena 32 urte lehenago jaio zen Veneziako Loredan jauregian, San Markos plazan bertan, 1646ko ekainaren 5ean. Aitak errepublikako kargu garrantzitsuak izan zituen, besteak beste, San Markoseko diruzaina izan zen. Elena alaba ez-legitimoa zenez, ez zuen noblezia titulurik jasotzeko aukerarik izango; bai, ordea, formazio akademiko aberatsa. Zazpi urte zituenerako latina eta grekoa ikasten ari zen. Hebreera, gaztelania, frantsesa eta arabea ikasiko zituen aurrerago, baita hainbat arlotan trebatu ere: matematika, teologia, filosofia… Musika ere ikasi zuen: han eta hemen kontzertuak eman zituen eta konposatzeko gai ere bazen. 19 urte zituela Italiako emakume jantziena izendatu zuten eta oso gazte zela hasi zen inguruko erudituen zirkuluetan parte hartzen. 24 urte zituela, esaterako, Veneziako Accademia dei Pacifici elkarteko presidente izendatu zuten.

Bere tutoreek gomendatuta sartu zen Paduako unibertsitatean eta, emaitza bikainak lortuta, esan bezala, 32 urterekin lortu zuen filosofian doktoretza titulua, Aristotelesen pasarte batzuk aztertu ondoren. Unibertsitateko karguez eta irakasleez gain, Veneziako senatari gehienak eta beste unibertsitate batzuetako gonbidatu ugari bildu ziren Paduan. Horregatik, ekitaldia unibertsitateko egoitzetan egin ordez, Paduako katedralean egin zuten, jende gehiago sar zedin.

Baina Elena Cornaro Piscopiak ez zuen nahi zuena lortu, ezta beste emakume batzuei bidea ireki ere. Berez, Elenaren interes nagusia teologia zen eta arlo horretan doktoretza lortzeko joan zen Paduara. Baina bere asmoen berri jakin zuenean, Paduako apezpiku Gregorio Barbarigok debekatu egin zion, emakumea zelako. Teologian doktore izateak ofizialki predikua egiteko aukera emango zion eta eliza katolikoak ez zuen onartzen –eta oraindik ere ez du onartzen– emakumeak zeregin horretan aritzerik.
Unibertsitateko doktoretza lortzen lehen emakumea izan zen, baina azkena ere bai, luzaroan. 200 urte geroago lortuko zuten Sofia Kovalevskaia matematikariak eta Stefania Wolicka historialariak beren doktoretza titulua. Eta ia beste mende bat joan zen, XX. mendearen bigarren erdialdean Paduako unibertsitateak bigarren emakume doktorea izendatu arte.