Urteak daramatza inguruan ikusten dituen txoriak eta bestelakoak nahasten. Aspaldi etorri ziren hiriaren bihotzetik kanpoaldera, kale izenak Europako erreferentziaz jositako auzo berri horietako batera. Orduantxe ikasi uste zuen, aita bihurtu ondotik, buztanikarak egiten duen soinu bereizgarriaren atzean ez zegoela txoriaren zintzurra, haren buztan luze ikaratia baizik: isatsa dardaratuz lortzen omen du dezibelio partikularrak askatzea.
"Orduantxe ikasi uste zuen, aita bihurtu ondotik, buztanikarak egiten duen soinu bereizgarriaren atzean ez zegoela txoriaren zintzurra, haren buztan luze ikaratia baizik"
Horrela, urteak daramatza inguruko buztanikarak eta mikak nahasten. Mende berriko lehen hamarkadan ikasi uste zuen kultura berri horren partaide egin zuen semea, hain zuzen ere, krisi ofizialetik krisi ofizialera joan den bitarteko epean: buztanikarez beterik daude orain nerabearen begiak. Halako batean, koronabirusaren bigarren erasoaldia bukatu gabe zegoela, hara non, istripuz –okerrak zuzentzeko nahiz zuzenak okertzeko istripuak espresak izaten dira– ohartu den egunero inguruan ikusten dituen txori ugari horiek ez direla buztanikarak, mikak baizik.
Eta konturatu berri den moduan, belearen familiakoak dira mikak, eta karranka egiten dute.