Azaroak 25. Manifestazio batekin topo egin eta leloen hitz askeak entzuten ditut “…emakume langileon borroka…”. Gizonezkoen ahotsa entzuten da gehien. Kasualitatea? Ez dakit, baina eszenak kolpatu nau. Konturatu naiz, hiru-lau urteko prozesu bat burutu eta egonkortu dela.
"Mutilek manifetan oihu egiten dute beraiek gauzatzen duten indarkeriaren aurka, burgesiaren errua baita"
Feminismoak urtetako gorakada dakar: presentzia, edukia eta onarpena. Zuzeneko borrokaren kultura baten baitan, konfrontaziorik gabeko ezker abertzalearen estrategia elektoralistan gazteriak ez du tokirik topatzen. Testuinguru honetan, eguneratze handirik gabeko olatu komunista batek gazteria ilusioz mobilizatzen du.
(Gizonezko) marxisten irakurketa erabat interesatuan, generoaren erronka klase antagonismoaren gatazkari azpiratua dago egituraz eta, bide batez, emakumeen askatasunerako borroka subjektua langile klasea da, osoa. Mutilek manifetan oihu egiten dute beraiek gauzatzen duten indarkeriaren aurka, burgesiaren errua baita. Klase feminismo izenpean identifikatzen ez diren feminismoek etsaiarekin aliantza egiten omen dute eta beraz ezin da beraiekin elkarlanik egin.
Horrela, belaunaldi berriarekiko haustura latza sortu da, feminismotik hain gozoki ospatu ditugun aurrerapausoen transmisioa interferentziaz betetzen duena.