argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Kontu moralak
Aritz Galarraga 2020ko abenduaren 09a

Gabriel Matzneff, bai, kontxo, zalantzarik gabe, eta ez bakarrik pederasta bat delako, pederastiaren aldeko gauzak idatzi dituelako ere bai, noski, zenbait saiakeratan –eleberrietan orobat, baina hori beste kontu bat da–; autorea erabat egiten da gaitzesgarri, bere obra zer esanik ez. Louis Althusser, ea, bada emaztea hil zuen, buruko gaixotasuna ez dakit aringarri den, beraz pertsona ezin izango genuke goratu, bistan da, baina obrarekin zer egin, pentsalari marxista ezinbestekoa izanik. Gainera, 1977. urtean, hainbat intelektualek gutun ireki bat sinatu zuten, Frantziako zigor kodea errebisatzen ari zen batzordeari, praktikan pederastiaren zigorgabetasuna ekarriko zuen eskari bat. Eta sinatzaileen artean Matzneff, jakina, Althusser bera, eta, besteak beste, Simone de Beauvoir adibidez. De Beauvoir, bai, pederastiaren zigorgabetasuna eskatzen. Zer egin beharko genuke orduan Bigarren sexua idatzi zuenarekin?

Tarteka berritzen den arren, ez da eztabaida berria: zer egin moralki gaitzesgarri izan daitekeen autore baten obrarekin. Alegia, banandu ote daitezke autore baten bizitza eta obra, autorearen beraren morala eta obrarena. Ez da eztabaida berria, ez eta ebazten erraza ere. Mutur batetik besterako erantzunak aurki ditzakegu eta, bateraezintasunetik bereizezintasunera. Baina, autorearen morala eta obrarena bereizi ezin direnean ere, zer egin behar da obrarekin? Inork ez dit iritzirik eskatu, baina aitortuko dut ez daukadala moralaren polizia, are inkisidorea izateko batere bokaziorik, eta ondorioz adierazpenari ahalik eta hesirik zabalenak jartzearen aldekoa naizela. Ze bestela, estutuz-estutuz, ez dakit irakurtzeko ezer geratuko litzaigukeen ere. Esan nahi dut, oso tikismikis jartzen bagara, inork gutxik pasako lukeela azterketa moral zorrotzik. Eta eztabaida beti osasuntsua izateak ez du kentzen jarrera batzuk arriskutsuak izan daitezkeenik.