Pandemiaren ondorioz, familia asko aurrezten ari dira, baina era berean, prekarietate handia dago bereziki gazteen eta kontratu prekarioak dituzten emakumeen artean. Momentu honetan gizartean dagoen aurrezpen mailak egungo desberdintasuna erretratatzen du, batez ere kontsumoaren eta haren mugen beldurrak sortzen duelako jendearen aurrezteko joera.
Euskal erakundeen datu ofizialik ez dugu, baina bai Frantziako eta Espainiako estatuena. Adibidez, Espainiako Bankuaren datuek diote aurrezki gordina 38.996 milioi euroraino igo dela urteko bigarren hiruhilekoan Espainiako Estatuan, hamabi hilabete lehenago baino %174 gehiago. Familien errenta %8,8 jaitsi bada ere (200.000 milioi euro inguru), kontsumo-gastua ere inoiz ez bezala murriztu da, %24 (132.222 milioi bigarren hiruhilekoan). Eperako eta ageriko saldoek 47.500 milioi euroko hazkundea izan dute urtarriletik eta 877.500 milioira iritsi dira.
Aitzitik, errealitateari argazkia ateratzen badiogu, ikusiko dugu krisiak gehien kaltetutako langileen ia heren batek ez duela hilabeteko errentaren adina diru ere eskura erabilgarri, eta gainera, bankuekin zorretan bizi dela. Kontratu prekarioak dituzten gazte eta emakume asko dira, eta une honetan, aurreztu beharrean, gehiago zorpetzen ari dira. Desberdintasunaren argazkia da.
Kontsumorik gabe ez dago susperraldi ekonomikorik, enpresek ez dute ekoizten, enplegua suntsitu eta prekarizatu egiten da gehiago. Aurrezpena usteldu egiten da, herdoildu, eta balioa galtzen du. Enpresa handiek ez dute funts propioetara jo nahi, erreskate publikoak eskatuz, etekinak pribatizatzeko eta galerak gizarteratzeko politikari eutsiz. Erreskate publikoa badago, gutxienez nazionalizatu ditzatela.