Egun batetik bestera, hirian bizitzeko abantaila ia guztiak ezerezean geratu dira. Tabernak eta merkataritza-guneak itxita daude, Alde Zaharra oso goibel dago, gertuko merkataritza kili-kolo dabil, jendearekin biltzea debekatzen digute, ibili edo korrika egiteko derrigorrezkoa da musuko higuingarri hori...
Gauzak horrela, burua aireatzeko eta hiritik ihes egiteko premia sortu zaigu. Beraz (eta hona Iruñerriko adibideak datoz), Orikain, Untzue, Zabaldika edota Erreniegako merenderoetara hurbilduz gero, gure egoeraz jabetuko gara. Astebururo, hiritik inoiz ateratzen ez ziren urbanita peto-petoez beteta daude orain gutxi arte etorkinek bakarrik erabiltzen zituzten leku hurbil baina bigarren edo
"Hiritik inoiz ateratzen ez ziren urbanita peto-petoez beteta daude orain gutxi arte etorkinek bakarrik erabiltzen zituzten leku hurbil baina bigarren edo hirugarren mailakoak"
hirugarren mailakoak... Aisia mailakatu ahal bada, aitortu behar da hiritik gertuko merenderoak ez zeudela gure asteburuko plangintzetan.
Agian, kategoria gutxiko aisia zelako. Glamour urriko lekuak. Oso merkeak (musutruk!), dena esateko.
Hala ere, atzera begiratzen badugu, kontraesan bitxiak topa ditzakegu. Txikiak ginenean, gurasoak mobilizatzen ziren gure auzoetan parkeak ez zeudelako, eta gainera, orduan egon bazeuden orube zabaletan, xiringak pilatzen ziren. Urteak pasa ahala, hiriak edertzen joan ziren, parkeak barne, euren iturri, aintzirekin eta guzti.
Bilakaera horrekin batera, auzoko parke batzuk eta hiriaren inguruko merenderoak abandonatzen joan ginen. Hiriak bizigarriagoak bihurtu ahala, gutxiago erabiltzen genituen, eta txoko zein igerileku pribatuetan (barkatu, gizarte ekimeneko guneak esan nahi nuen) elkartzen ginen igandeak eta udako arratsaldeak igarotzeko. Kotxez joaten ginela, gure hiriko parkeetan boleibol edo areto futbol partidak ikusten genituen, reggaeton edo bachata doinuez lagunduta. Koloretsua, bizia, baina gugandik oso urrun…
Bat-batean, gure txoko eta igerilekuak itxi zizkiguten eta kalean geratu ginen. Parkeak eta merenderoak hor zeuden, ederrak eta erabilgarriak. Gainera, denonak dira (betidanik izan diren bezala). Pixkanaka, oso sinpleak diren planak egiten hasi gara, gure pandemia-asteburuak betetzeko, ahal dugun moduan bederen. Agian bachatarik gabe baina mendiko arropa garestiz jantzita. Tira, norbera bere estiloan, baina glamour urriko eta ustezko kategoria gutxiko aisia berriro dastatu dugu.
Hau da, garai zailetan, oinak lurrean jarri behar izan ditugu. Gure kategoriara itzuliz, behar bada. Nola aldatzen diren gauzak, kamarada…