Pandemiaren atzaparretatik bizirik ateratzen baldin bagara, diplomarik gabeko mediku kalakari bihurtu ginen 2020ko urteaz oroituko gara, guk ere deblauki aburua emateko ohitura landu dugulako, normalean gureak ez diren alorretan. Pantailak berdinki, iritzi emailez, medikuz eta epidemiologistez bete zaizkigu. Ostatuak itxiak izanez, tele-eztabaida politikoak, maskara jantzi ala utzi
"Osasunaz haragoko hiztegi mamitsu baten jabe egin gara etxekotuak pasatu ditugun 2020ko sei hilabeteetan"
gaiaren inguruan garatu dira eta gobernuak erabaki du zer den premiazkoa eta zer ez. Episodio sanitario hauetan ikasi dugu liburuak ez direla beharrezkoak. Arrazoi du behar bada neoliberalismoaren orakulu nagusiak: ostiral beltzak baizik ez du muntarik...
Osasunaz haragoko hiztegi mamitsu baten jabe egin gara etxekotuak pasatu ditugun 2020ko sei hilabeteetan: Euskalterm berri andanak, aditz new age zenbait, atzizki sinets ezinak... eta ikusi dugu eguneroko ele zenbaiten epidemiaren saltsara lerratzea, hala nola gailurra, Iparla kaskoari baino orain COVID-19ari aplikatzen zaiona, halaber lautada edo ordokia. Fraseologia hori ezpainetan ateratzen gara, baimenak sakelan, gurutzatzen ditugun ezezagunekin ideia lausoak partekatzeko. Baina nehork ez du mintzatzeko gogorik. Ulergarria. Wartaman populukoa naiz eta jargoiak berehala ezabatuko dizkidan zakur gorriaren ulua entzun nahi dut...