Euskara eta feminismoa bidelagun jardunaldietan bi errealitate linguistiko kontrajarri dira: batetik, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzen duten euskaldun zuriena eta, bestetik, feminista arrazializatu eleanitzena. Azken hauek azaldu dute euskal hiztun izateak zabaltzen dizkien ateak arrazakeriak ixten dizkiela. Eta bi ur horien artean, ni beti pribilegiatuen bandoan. Euskaldun-motz / erdal elebidun / sasi-euskaldun –Lutxo Egiak eta Irene Arraratsek ekarritako terminoak, nire burua ulertu eta interpelatzeko emankorrak– zuriak gara hizkuntzari dagokionez pribilegiatu bakarrak: euskararen ate guztiak zabal-zabalik ditugu eta, erderaren hegemonian goxo bizi garelarik, ez dugu euskaldun-oso izan nahi dutenek pairatzen duten zapalkuntza ezagutzen.
Deigarria iruditu zait bi diskurtsoen arteko disonantzia. Esaterako, Irene Arraratsek “euskaldun” terminoaren potentzial inklusiboa eta integratzailea aldarrikatu du, euskalduna euskaraz mintzo dena baita, izan bertokoa edo kanpotarra. Tarana Karimek eta Leocadia Bueriberik, ordea, adierazi dute ez direla euskaldunak sentitzen, edota sentitu bai baina euskaldun zuriek estatus hori ukatzen dietela, euskaldun prototipikoaren moldean sartzen ez direlako.
"Euskalgintzak feminismotik har dezake subjektu hegemonikoari egiten dion interpelazioa: “Zu zara ez didana uzten naizena izaten”. Bada, feminista arrazializatuek esan digute guk ez diegula euskaldun izaten uzten"
“Euskara ez da baztertzailea, integratzailea da”, esan du Lorea Agirrek. Ados, baina hiru aktibista antiarrazistek gogoratu dute emakume arrazializatu gehien-gehienek ez dutela euskara ikasteko aukerarik eta horrek bazterkeriaren motxilan harri bat gehiago sartzea dakarrela. Euskalduntze prozesu masibo, unibertsal eta doako bat aldarrikatu du Agirrek, baina horrek gobernua interpelatzen du soilik. Bueriberik, aldiz, argi utzi du euskaltegien matrikularen prezioa ez dela arazo bakarra, baizik eta arrazakeria instituzionalaren eta sozialaren bortizkeria bizi duten pertsonek bestelako lehentasunak dituztela: “Arazo horiek kentzen laguntzen badiguzue, guk euskara poztasun guztiarekin ikasiko dugu”. Arraratsek esan du erdaldunek ez dakitela “zer kultura oparoa dagoen euskeraren inguruan”. Pamira Duval ijitoak eskatu du euskal historiaren barruan ijitoen ekarpena kontuan hartzea, eta bereziki erromintxela.
Beste kontraste deigarri bat: Irene Arraratsek Euskal Herriko Mugimendu Feministaren baitan errotu den xurxurlarien dinamika goraipatu du. Antiarrazistek, ordea, esan dute estrategia hori baliogarria dela hitzaldi bat ulertzeko, baina ez asanblada batean parte hartzeko, itzultzailea behar duenak ezin izango duelako batzarraren erritmoa jarraitu eta horrek rol pasibo batean kokatuko duelako. Are gehiago, Karimek eta Bueriberik esan dute emakume etorkinek ez badute Feministaldiako kartela edo Martxoak 8koa ulertzen, ez dutela bat egingo. “Orduan, hizkuntza hegemonikoa gailentzea da irtenbide bakarra?”, idatzi du norbaitek txatean.
Erantzun posible bakarra saio guztietan aipatu dena izan liteke: gatazkaren beldur ez izatea, aldaketaren motore baita. Agirre eta Eskisabelek esan dute euskalgintzak feminismotik har dezakeela subjektu hegemonikoari egiten dion interpelazioa: “Zu zara ez didana uzten naizena izaten”. Bada, feminista arrazializatuek esan digute guk ez diegula euskaldun izaten uzten.
Arraratsek esan du euskararen arnasguneak existitzen badira, gainerakoak itoguneak direla. Nago hori dela erronka: guztiok pentsatu beharko dugu zer egin gure arnasguneak besteen itogune izan ez daitezen.