argia.eus
INPRIMATU
Ilunabarreko emakumeak
  • Anxela, Violeta, Ane, Janire, Nerea eta Alba. Lady Banana, Sua eta Bala. Hardcorea, punka eta rocka. Sei emakume musikari, hiru talde eta oholtza bat 2020ko Mfest festibalaren karietara. Gazteen aisialdia sustatzeko Gauekoak elkarte gasteiztarrak antolatutako arratsaldeko ekitaldi honek ez du pandemia sendatuko, baina behintzat gure arimari bizipoz pixka bat emango dio.

Marta Sendiu Zulaika @martasendiu 2020ko abenduaren 02a
Argazkia: Eider Iturriaga
Argazkia: Eider Iturriaga

Gaurkoan ere Jimmy Jazz aretoak attrezzo berezia jantzi du, eszenatoki aurreko eremua egurrezko aulki tolesgarriek betetzen dute, aldiz, azkeneko bost lerroetan taburete altuak daude. Beheko solairua jendez beteta dago, guztiak eserita eta musukoarekin apainduta. Egoera pandemikoa errudun, urduritasuna, intseguritatea edo tentsio berezia somatzen da airean, zuzenekoak ezin bizitzearen ondorio.

Igo dira oholtzara Lady Banana bikotea osatzen duten zaragozarrak. Udazkeneko iluntasun goiztiarra sartu da aretora eta belztasunez bete da giroa.  Ile motz eta horia dakar gitarra jole eta abeslariak; aldiz, bateria jole eta koru egileak kopeta-ile beltzeko adats luzea du. Rock zuzenean oinarria duen talde honek bi EP ditu argitaratuta eta aurten aterako du Bipolar izeneko lehenengo LPa.

Mfest jaialdia
Noiz: azaroak 14.
NoN: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

Zaragozako bikotearen ondotik Maruri-Jatabeko Sua taldea igo da eszenatokira. Nabari da ikuslegoarentzat ezagunagoa dela laukote bizkaitarren proposamen berritzailea. Jakina denez euskal mitologian sua izaki duala da, hau da, nahiz eta ona izan oso arriskutsua izatera hel daiteke. Ideia hori kontuan hartuz eta dualtasun horrekin jolastuz, Sua taldearen proposamenak hainbat musika estilo uztartzen du, melodia lasai eta goxoak erritmo biziekin eta gitarraren riffekin nahasten dituzte.

Gaztea Maketa Lehiaketako 28. edizioaren irabazlea izan zen taldeak euskara eta ingelesa erabiltzen ditu abestietan You don`t care, Hormak apurtzea, Shake it out edo Euri gabe, lorerik ez dira horren adibide. Ordu beltzak diskoak gustu orotarako erregistroa eskaintzen du eta Aneren ahots leun, baina aldi berean indartsuak limurtu egiten du publikoa.

Kontzertuz jositako arratsalde ezohikoari amaiera emateko, Londresko kaleetan jotzera ohitutako eta  bertako karriketan sendotutako Bala taldea dugu. 1990eko hamarkadako rock biziak, stoner klasikoak, metalak eta pop zikinak osatzen dute haien esentzia berezia. Barruko energia guztia oholtza gainean askatzeko grina nabaria da eta ikusleak kutsatu egiten dituzte.

Eider Iturriagaren argazkiak: