argia.eus
INPRIMATU
Familia-enpresak... eta kapitalistak ere bai
  • Euskadiko Familia Enpresen Elkartea 66 konpainiak osatzen dute eta 13.900 milioi eurotik gorako fakturazioa du. 148.000 laguni baino gehiagori ematen die lana, eta ekosistema bat sortzearen alde egin du, sektore publikoa barne, haren hazkundea bultzatzeko. Familia-enpresa EAEko ekonomiaren ekoizpen-sarearen %84 da.

Juan Mari Arregi 2020ko abenduaren 02a

Familia Enpresen Elkarteko presidente Andres Sendagortak –Sener enpresa-talde garrantzitsuko presidente ere badenak–, esan du euskal familia-enpresak funtsezkoak izan direla garapen ekonomikoan duela ehunka urtetik. Bere ustez, familia-enpresak aktiboki lagundu du jarduera ekonomikoa bultzatzen eta ongizatea eta enplegua berreskuratzen. Bilboko Iberdrola Dorrean egindako elkartearen urteroko batzarrean, Sendagortak azpimarratu du ekimen pribatua “funtsezkoa” izaten ari dela eta izango dela ekonomiaren susperraldian, “agertoki sendo eta etorkizun iraunkor baten oinarriak” ezartzeko. Eta sektore publiko eta pribatuen lankidetzaren alde egin du.

Egia da Euskal Herrian familia-enpresen tradizio handia egon dela. Egia da horietako asko gaizki pasatzen ari direla. Hala ere, ez da ahaztu behar hazi ziren sistema ekonomikoa kapitalista izan zela eta izaten jarraitzen duela. Horrela, euskal enpresaburuen familia askok aberastasun handia pilatu dute, eta beti aurkitu dute lekua enpresa handietako administrazio-kontseiluetan, batez ere bankuetan eta elektrizitate konpainietan.

Egoera ekonomikoak krisi larria sortu duen honetan, familia-enpresa horien arduradunek ere erakunde publikoei dei egiten diete. Beren galerak diru publikoarekin gizarteratzen saiatzen ari dira, irabaziak eta aberastasuna pribatizatzen dituzten bitartean. Familia-enpresak, bai, baina baita kapitalistak ere.