Bermeo (Bizkaia), 1918ko azaroa. Gripe espainiarra deitutakoak 23 hildako eragin zituen herrian, hilabete bakarrean. Pandemiaren bigarren olatua zen 1918ko udazkeneko hau.
Lehenengo olatuak, aurreko maiatzekoak, ez zuen hildakorik utzi Bermeon. Plentzian ere ez, eta, gero, azaroan 13 pertsona hilko zituen gripeak. Erandion, maiatzean 3 izan ziren hildakoak eta urrian, aldiz, ia 60. Gasteizen maiatzean 10era ez ziren iritsi eta urrian 200 hildakoren langa gainditu zuten. Irunen abuztua arte ez zen hildako bat bera ere zenbatu eta soilik irailean 90etik gora hil zituen gripeak… Anton Erkorekak La pandemia de gripe española en el País Vasco (Espainiar gripearen pandemia Euskal Herrian) lanean bildutako datu horiek garbi uzten dute Euskal Herrian gripearen bigarren olatua lehenengoa baino askoz bortitzagoa izan zela. Zazpi lurraldeak kontuan hartuta, maiatzean gripeak hildakoak ez ziren 20ra iritsi eta, urrian, aldiz, 600 inguru izan ziren; hau da, udazkeneko egun bakarrean udaberriko hilabete osoan adina hiltzen zirela gripeak jota.
Eta Euskal Herrian gertatutakoa mundu osora zabaldu daiteke. Espainian, esaterako, hildakoen %75 bigarren olatuak eragin zituen, datu are esanguratsuagoa, lehenengo olatuak Madrilen eta Andaluziako hainbat tokitan gogor jo zuela kontuan hartuta. Batetik, bigarren olatuaren indarra tenperaturak eragin zuen: Covid-19a bezala, gripea ere errazago hedatzen da hotzetan. Bestetik, populazioa ahuldua zegoen lehen olatuaren ondorioz eta Europan, bereziki, Lehen Mundu Gerraren eraginez. Lehen kolpean neurri batzuk hartuak zituzten (musukoak erabiltzea, isolamendua…), baina bigarrenean zorroztu eta zehaztu behar izan zituzten. Hirugarren olatu bat ere etorriko zen (eta zenbait adituren ustez, laugarren bat ere bai, beste askok berragertze puntualtzat jo arren), askoz leunagoa, besteak beste bigarrenean hartutako neurriei esker.
Ondorengo pandemietan ere antzeko olatu eredua antzematen da: 1957-1958ko asiar gripean, 1977-1978ko errusiar gripean… Eta aurtengoan ere aurreikusita zegoen bigarren olatu hau. Orduan, 1918an zergatik ez zuten aurreikusi? Pandemia aurrekariak egon bazeuden, jakina, baina ez behar bezala aztertuta, biomedikuntza XIX. mendean sortu baitzen eta orduan hasi baitziren epidemien eta pandemien datuak berariaz biltzen eta interpretatzen.
Badakigu, esaterako, XIV. mendean, Izurri Beltzaren garaian gaixotasuna hainbatetan berragertu zela, beste birus batzuekin gertatu ez bezala, izurri bubonikoa errazago zabaltzen dela udan, tenperaturak beroak direnean, baina ez dago nahikoa daturik olatuen patroi bat zehazteko. Valentziako Unibertsitateko Carmel Ferragud Zientziaren Historiako irakaslearen hitzetan, “iraganeko epidemiak egungo biomedikuntzaren eta tresnen bidez azaltzeak ez du balio, gaixotasunak kontzeptualizatzeko modua oso bestelakoa delako”.