argia.eus
INPRIMATU
Beltzaren distira
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2020ko azaroaren 24a
Alta traición | Shöck | DDT/El Lokal/Shöck Records…
Alta traición | Shöck | DDT/El Lokal/Shöck Records…

Euskal Herrian punk eta punk-rock talde asko sortu da 80ko hamarkadatik gaur egunera artean. Hala, zaila da halako multzo handitik bereiztea eta nabarmentzea. Bada, Bilboko Shöck taldeak baditu halako ezaugarri propioak.

Taldea 2015ean sortu zuten Bilbon Milango (Italia) Micky batu zenean Mundo Matadero, Destierro eta beste zenbait talde bizkaitarretan aritutako lagun batzuekin. Mickyk musika ibilbide luzea dauka: Giudabasso, Bambole di Pezza, No Relax, Micky & Los Adels eta gaur aipagai dugun Shöck taldean aritzeaz gain, Micky & The Buzz talde rockabillyan jartzen du ahotsa eta arima.

Shöckera bueltatuz, 2015etik 2018ra bitartean taldeak dozenaka kontzertu egin zituen nonahi eta 2018an Shöck izeneko lehen lan luzea kaleratu zuten. Ahots indartsu eta oso melodiko batek gidatutako punk-rock eta rock piezak batu zituzten, eta lanak harrera ona izan zuen.

2019an, baina, Kataluniako Nando (Batec, Karbunko…) gitarra jotzailea batu zitzaien taldera eta erritmoa izugarri bizitu zen. Europan bira luzea egin zuten eta handik bueltan disko berria prestatzen hasi ziren, honako hau.

Ñabardura dezente baditu ere, punk-rocka da taldearen estilo kutuna, eta nabari da taldekideek instrumentuak nahieran menderatzen dituztela: sendoa eta distiratsua da emaitza. Gainera, Mickyren ahotsak berezko kutsu melodiko eta (batzuetan) epikoa gehitzen die poesia, borroka eta eraldaketa soziala uztartzen dituzten gaztelaniaz abestutako kantei.

No son para mi punk-rock bizi-bizia da, Mickyren ahotsak orekatuta, eta 80ko hamarkadako koroak ere baditu. El artista de las manos rotas 77koa eta killer-ena den punk-rocken arteko gatazka. Alta traición punk-rock amorratuagoa, lepora doana. Un mar de nombres rock oso inspiratua. Topsy punkaren alderdi rock-and-rolleroena, Commando 9mm gogoan. La Tumba-k kutsu garagero eta pisutsua dauka erritmoan, ostean hard-rockaren sugarretara amiltzen dena. Juntxs otra vez jostaria da, zirikatzailea eta positiboa. Un paso al frente 77ko punk borobil eta melodikoa. Es terrorismo RIPen pareko amorrazioa, okada. Eta Muros de cristal hit rockeroa.