argia.eus
INPRIMATU
Galdutako ohiturez
Castillo Suárez @casti_suarez 2020ko azaroaren 11

Batek baino gehiagok galdetu dit ea pandemia garai honetan zenbat idatzi dudan. Ezer ez, erantzuten diet denei. Enkargu bat kenduta ez dut ezer idatzi eta irakurri ere ez dut ohikoak baino liburu gehiago irakurri. Denborak beti ez dakar sormena berarekin,

"Ez naiz bereziko ezkorra, baina euforia behar dut nik idazteko, eta debekua beti da poztasunaren kontrakoa"

bistan da. Ez naiz bereziko ezkorra, baina euforia behar dut nik idazteko, eta debekua beti da poztasunaren kontrakoa. Antzeko zerbait geratu zait kultur emanaldiekin. Hamaika aldiz errepikatu digute kultura segurua dela, eta ziur nago ez dagoela kultur emanaldiak baino gauza hobeki antolatuagorik. Ez dut inor ezagutzen kultur etxe batean kutsatu denik. Hala ere, izugarri kostatu zait askatasuna deitzen genuen hartan hain ohikoa nuena egitea: antzerki edo pelikula bat ikustera joatea. Sarrerak paretaren ondoan hartzen ditut beti, eta neure buruari ikaratia ez naizela errepikatzen diodan arren, etxetik kanpo ez nago inon erabat lasai. Lankide batek esaten zidan lehengoan ez zaiola horrenbeste aldatu pandemiaz geroztik. Niri goitik behera aldatu zait: urtean 30.000 kilometro egitetik aurten ez dakit 3.000 ere eginen ditudan. Eta nire bizitzari zentzua ematen ziona, kultura elegia, desagertu da eta ez du ezer ordezkatu. Eta haserre nago horregatik.