Plazera da musika onaren bidez ordubetez errealitate honetatik ihes egin ahal izatea. Eta hori da Euskadiko Orkestrak bere abonu-kontzertuen bidez ahalbidetzen diguna. Murrizketa gehiagorekin edo gutxiagorekin, aforo handiagoarekin edo txikiagoarekin, baina beti gogo berarekin. Eta publikoaren aldetik, beti gozatzeko prest.
Lerro hauetatik, eskerrak eman nahi dizkiet Euskadiko Orkestrari eta kultur ekimenak bultzatzen dituzten erakunde guztiei, garai latz hauek atseginagoak izan daitezen posible egiten dutelako.
Orkestraren bigarren abonu-kontzertua gozoki borobil bat izan zen, laburra, landua, eta sorpresa atsegin batekin: Rinat Shaham mezzo israeldarraren interpretazio distiratsu eta beroa.
Wagnerri eskainitako programak konpositore honen bi lan hunkigarri bildu zituen: Sigfriden idilioa eta Wesendonck Lieder.
Sigfriden idilioa bere bigarren emaztea zen Cosimarentzako urtebetetze opari bezala konposatu zuen Wagnerrek. Lan hau, 1870eko abenduaren 25ean, Eguberri goizean, Züricheko Tonhalle Orkestraren ensemble txiki batek jo zuen lehen aldiz, bere etxeko eskaileretan, Suitzako Tribschen izeneko herrian. Horrexegatik, Treppenmusik edo eskailera-musika izendatu zuen pieza. Euskadiko Orkestrak konposizio honen interpretazio zehatza eta delikatua egin zuen.
Jarraian, orkestrak Wesendonck Lieder interpretatu zuen, non protagonista nagusia Rinat Shaham abeslaria izan zen. Bere ahotsak wagneriar konpasak bibrararazteko egina zirudien. Tinbre iluneko ahotsa du Shahamek, baina oso eder eta sakona, dentsoa. Halere, ahotsaren gainetik, Shahamen bertute nagusia interpretatzeko gaitasuna da, adierazkortasuna. Liederren arteko erregistro eta jarrera aldaketak izugarriak ziren. Xarma, grina, beldurra, sentimendu horiek guztiak agerian utzi zituen hain modu sinesgarrian abesten duen mezzo honek.
Programa Mozarten sinfonia ospetsuenetako batekin amaitu zen. 35. sinfonia, Haffner lanarekin Salzburgoko musikariaren heldutasun garaia hasten da. Sinfonia honetan bere eboluzio harmonikoa antzematen da, baita Bachek bere obran izan zuen eragina ere. Euskadiko Orkestrak eskainitako bertsioa freskoa, ñabarduraz beterikoa eta indartsua izan zen.