argia.eus
INPRIMATU
Uzkurtzea
Nerea Ibarzabal Salegi 2020ko azaroaren 03a

Uzkurtzen ditu begiak barraskiloak, inork ukitzen badizkio, edo uzkurtzen du gorputz osoa bestela; oskol barruan desagertzen daki, korapilo bihurtuta. Uzkurtzen da sugea bere burua inguratuta ikusten duenean; uzkurtzen da trikua, muturtxo fina bakarrik bistaratzen zaiola arantzapetik. Uzkurtzen da, noski, armadiloa, horretarako egina baitauka gorputza, eta halatsu uzkurtzen da kukurutxa ere, erratzaren ileen azpitik ihes egiten dakien “bola-zomorroa”. Uzkurtzen da harra, “I” bat izatetik “C” bat izateraino, edo espiral itxiago bat ere bai, egoeraren larritasunaren arabera.

Uzkurtzen dakite zenbait landarek ere, itsaspekoek zein lurrekoek; mimosa pudica-ri, adibidez, orriak itxi egiten zaizkio atzamar puntarekin laztanduz gero (eta haizea badabil, eta bero egiten badu, eta zarata ozenen ondorioz…), liburu txiki berdeak bailiran.  

"Luzaroan uzkurtuegi, larruazaleko zentimetro batzuk moztu izan balizkigute bezala; hortxe goaz, justu-justuan, ximur eginda, oskolen barruan, indarrak nondik atera ez dakigula, ez dakigula zer erantzun “zelan?” galderari"

Uzkurtzen omen da ekonomia ere, eta uzkurtuko da, hori esaten dute. Baina lehengo abiaduran ez haztea uzkurtzea ote da? Lanera joateko baimen ofizialak ematen diren garaiotan, ez ote da ari etengabe mutatzen, eboluzionatzen… ekonomia, inoiz uzkurtu beharrik ez izateko? Enpresei langileen kaleratzeak erraztuz, soldatak jaitsiz, pribatizatuz… Ez, sistema politiko-ekonomiko hau ez da uzkurtzeko instintua duen animalia horietako bat, ze giharren uzkurdura orokor batek denoi eragingo liguke berdin, gorputz-atal guztiei, eta hemen ez da hori gertatzen. Hemen batzuek aberasten jarraitzen dute, eta besteentzat da uzkurdura, txikitzea, estutzea. Zein animalia mota da, orduan? Bizkarroi bai? Ziurrenik. Behekoen lan-indarra eta denbora xurgatzen dituena goikoen mesedetan. “Hautespen naturala” deituko zaio gero zenbat sektoreren prekarietateari.

Uzkurtzen dira mingainak eta betazalak limoi bat miazkatzerakoan. Uzkurtzen dira baginako paretak, uzkurtzen dira barrabilak igerileku hotzetan sartzean. Birikak ere uzkurtzen dira arnasaldi bakoitzean, eta giharrak, mugitzen garen aldiro. Uzkurtzen dira gose diren urdailak. Bizirik gaude uzkurtzen garelako, uzkurtzeak berak askatzen gaituelako gero. Baina beldur naiz ez ote dauden gure kontzientziak, gure barruak, gure gorputzak, luzaroan uzkurtuegi, larruazaleko zentimetro batzuk moztu izan balizkigute bezala; hortxe goaz, justu-justuan, ximur eginda, oskolen barruan, indarrak nondik atera ez dakigula, ez dakigula zer erantzun “zelan?” galderari. Eta ekonomiaren paretak estutzen hasten badira, eta hasi dira, komeniko litzaiguke gutxienez sofako mantaren azpian ezkutatzeko sen honi aurre egitea, bola-zomorroari ere ez baitio taktika horrek balio hanka handi batek zanpatzen duenean.