argia.eus
INPRIMATU
Gogoak ez du makulurik behar
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2020ko azaroaren 03a
'Tomorrowmen' diskoa ondu du Jon Manteca’s Army taldeak DDT zigilupean.
'Tomorrowmen' diskoa ondu du Jon Manteca’s Army taldeak DDT zigilupean.

Inor aspertzen bada berak nahi duelako da, dio aspaldiko esaera batek. Hori pentsatu zuten nire aitajaunak eta bere paseo-lagunak aspaldi auzoan bi mutil ikusi zituztenean elektrizitate-poste batera igotzen. Kontuz ibiltzeko ohartarazi zieten, gazteek ez zieten agureei jaramonik egin, jakina, eta halako batean deskarga batek horietako bat lurrera jaurti zuen erdi erreta. Onik irten zen mutila, baina hanka bat galduta. Egun horretan “jaio” zen Jon Manteca. Gerora ezaguna egin zen ikasleen manifestazioetan eta jai giroetan, bere makuluekin eta hankabeltz bizimoduarekin; hilik agertu zen arte.

Basauriko hardcore eta punk beterano hauek ere ez dute aspertzeko inongo asmorik eta sorpresa asko dituzte besapean; haize freskoa dakarte osagai bereizgarriak dituen ezohiko proposamenarekin. Esaterako, gaur egungo belaunaldiek ezagutu ez duten arrasatear ilustre horren (Manteca) figura omendu nahi izan dute, bide batez hainbeste miresten duten AEBetako 80ko hamarkadako JFA (Jodi Foster’s Army) hardcore-punk taldea gogora ekarriz. Eta nabaritzen da, bai, duten jakin-min eta irudimen aberatsaz gain, hastapenetako hardcore eta punk doinuak gustuko izatearekin bat ibilbidean oinarri dituztela. Izan ere, kideetako batzuk Hot Food, Control de Plagas eta bestelako taldeetan ibiliak dira aurretik.

2015ean JMA demoa kaleratu zuten surfa eta hardcore-punk garratza oheburuan dituztela ohartaraziz, baina etenaldi baten ostean, honako lan luzean gehiago findu dute soinua eta emaitza.

Bai, hardcorea eta punk iluna, amorratua, gustuko dituzte eta oso presente dago kantategian, baina baita ere bestelako sonoritateak ere, horien artean benetako surfaren oihartzun barnerakoia eta dotorezia, Biafra handiaren eta Dead Kennedysen eromena duten pieza gordinak, eta erritmo eta abiadura aldaketak.

Skatea, beti skatea, aldarrikatuz, gaztelania eta ingelesa uztartuz, bi minutu eskaseko hamabost kanta erditu dituzte, amorratuak, ganberroak, kontrastedunak, biziak, ilunak, eta ohikotik aldentzen direnak. Horri gehitu diote 60ko hamarkadako The Chantays aitajaunen Wayward nyle klasikoa bere esentzian.