argia.eus
INPRIMATU
Putzu sakon eta ilun bat
Zigor Etxeburua Urbizu @ZEtxeburua 2020ko urriaren 29a

Dirutan, ehuneko hogeiko murrizketa. Hori da kasinoa zena udaletxe bihurtu zuen Donostiako alkateak euskarari opa diona, oraindik amaitu ez den urterako. Arloko eragile batzuk laguntza eske inguratu zaizkio, ezer egiterik ba ote duen galdetzera, herabeti (beste batzuk hori ere ez, ikusteko baitago datorren urteak berritik ezer dakarren, zaharretik ez bada). Blindatzea zuen murrizketetatik euskararen hedapenarekin lotura duen oro, baina horrek ez lioke emango hiriko uharte maitatuan paratutako eskultura hanpatu batek adina sonarik. Kokotsa altxa, besoa luzatu eta eskuko keinuz haizatu ditu eskaleak.

"Pentsakor dator alkatea, amets moduko batean murgilduta. Kasino batean ageri da bera, erruletaren alboan. Mahai tapiza hareazkoa da, eta mahaiaren inguruan gorbatadunak irribarretsu ageri dira"

Egun gutxitara, alkate jaunak ez du agerraldia egiteko erreparorik izan, zer eta euskarari aldi baterako babesa adierazteko. Segidan, oinez egin du hurrengo agerraldirainoko kilometro erdia, mugikortasun jasangarriaren aginduei men eginez, txintxo. Auzotarrek aspaldidanik espero dituzten lan batzuei hasiera emateko agerraldian, itsas azpiko trenbidea egiteko lanek izango duten gainkostuaz galdetu diote. Tinko adierazi du, “behar den dirua jarri beharko da obra horiek bukatzeko”. Hori esanda, kasinoa izan zen eraikinera itzuli da agintari gorena.

Pentsakor dator alkatea, amets moduko batean murgilduta. Kasino batean ageri da bera, erruletaren alboan. Mahai tapiza hareazkoa da, eta mahaiaren inguruan gorbatadunak irribarretsu ageri dira. Ez dirudi kezkarik dutenik apustuaren arriskuarekin, zoriarekin, badirudi zenbaki gorri eta beltzen gainean ageri diren fitxak ez direla eurenak, norbaitek emanak baizik. Bitxia erruleta ere, trenbide itxura duela iruditu zaio. Halako batean, abiatu da bolatxoa. Drrdrrdrr, kank, kank, eta, hara! Erruletan zulo bat zabaldu eta bertara erori da. Isiltasuna hedatu da jokalarien artean, baina ez luzerako. Fitxak galdu ordez, pilatu egin dituzte, bankuak gehiago ekarri baitizkie! Irriak zirenak barre algarak bihurtu dira. Eta beste bolatxo bat jokoan jarri dute berriz ere. Drrdrrdrr, kank, kank, eta, bat-batean, isiltasuna. Bolatxoa desagertu egin da, baina baita mahai gainean zeuden fitxa guztiak ere! Gorbatadunetako batek bolatxo berriak eta fitxa gehiago eskatu ditu…

Orduantxe itzartu da goi agintaria, kasinoa izan zen eraikinaren sarreran. Hori koloreko aterki batzuen azpitik oihuka ari zaizkio, “Metro pasantea gelditu!”. Batera, zapatak hareaz bete zaizkiola ohartu eta izutu egin da, gazurak zapata italiarrak kaltetuko dizkiolakoan.