argia.eus
INPRIMATU
Mareak jaialdia
Berriz jaitsi da, hurrengo urtean igotzeko
  • Etorri den bezala joan da Mareak, Ane Ortubek eta Alex Lertxundik Bermeon antolatzen duten jaialdi txikia. Astebetez hainbat ekitaldi antolatu dute, mareen laguntzarekin batera hango eta hemengo altxor txikiak ekarriz. Ikusleen eta entzuleen erantzun bikaina izan dute.

IƱigo Basaguren-Duarte @inigob_d 2020ko urriaren 28a
Argazkia: Santi Magma
Argazkia: Santi Magma

Larunbat goiza da eta Bermeoko kaleak jendez gainezka daude, zarata nonahi. Goitik behera beltzez jantzitako gizon tximadun baten atzetik doan hamar laguneko taldeak Bermeo zeharkatu du. Ibiltariak isilik doaz, horrela eskatzen baitu begi aurrean dugun jite psikogeografikoak. Inolako norabide zehatzik gabe dabiltza herrian zehar, urbanismoaren eta historiaren sinboloen energiak jaso nahian. Itzulia bukatuta, frantziskotarren klaustroan bilduko dira beraien esperientzia partekatzeko. Mareak jaialdiak aste oso batez egingo du bere bidea eta ibilaldi honekin zabaldu dute jaialdiaren egun handia.

Altxor txikiz beteriko astea
Tradizioa, folklorea eta abangoardia uztartzea da antolatzaileen helburua, jarduera guztiak hari fin batek lotuta. Horrela, aste osoan mota askotako ekitaldiak egin dira hainbat leku bitxitan, hala nola, haurrentzako eta helduentzako antzerkia, zinema emanaldia, kontzertuak eta hitzaldiak. Bereziki aipatzekoak, Berlinen 1980ko hamarkadan sortu ziren tentsio artistiko eta politikoei buruzko B Movie: Lust & Sound Berlin (1979-1989) filma eta Euskal Herriko folkloreari buruzko hitzaldiak: “Giza-ehorzketak Euskal Herrian Historiaurrearen amaieran” eta “Oficios populares vinculados a prácticas mágicas en el folklore vasco” (euskal folklorearen praktika magikoekin lotutako ofizio herrikoiak).

Argazkia: Mareak jaialdia

Azken eguneko marea bizia
Larunbatean, itzuli psikogeografikoa bukatu eta gutxira, Okzitaniatik etorritako Gofannon taldeak Erdi Aroko folk emanaldia eskaini du, zeltiarrek gudarako deia egiteko erabiltzen zuten adarraren burdinezko erreplika baten laguntzarekin, taldeko abeslariak eskuz egindakoa.

Eguneko unerik gorena arratsaldean iritsi da, Jozef Van Wissen-en kontzertuarekin. Herbereetatik etorritako abade anabaptista honek bere laut-aren laguntza soilarekin bidaia espiritual batean barna eraman ditu entzuleak. Jim Jarmusch zuzendariarekin hainbatetan kolaboratu du eta Erdi Aroko musikaren eta neofolk-aren arteko nahasketa soinuak eskaini ditu frantziskotarren komentuko klaustroan. Jaialdiari bukaera emateko Hermana Mary eta Tercer Sol musika taldeen emanaldia izan da herriko Kafe Antzokian.

Azken marearekin batera bukatu da jaialdia, hurrengo urtean Bermeoko portura altxor gehiago ekartzeko esperantzaz.