Azken aldian Hego Euskal Herrian errepublikari buruzko eztabaidak garrantzia hartu du. Zehatzago esateko, Espainiako monarkiari loturiko eskandaluek eta gainbehera orokorrak beren isla izan dute gurean. Oro har, Espainiako erresuma mailako eztabaida batez ari gara, Euskal Herrian zentraturiko ildo batez baino; eta, horrekin batera, errepublikaren gaiari ikuspegi murritzaz heltzen zaiola ere esan daiteke. Hau da, errepublikanismoaz baino, errepublikari buruzkoa da eztabaida hori: boterea zabaltzea xede duen filosofia politikoari buruzkoa izan beharrean, gobernu mota zehatza hizpide duena, beraz.
Afera horren ezaugarrietako bat da gaiari buruzko datu soziologikoen urritasuna. Nazio mailako daturik ez izateaz gain –gure gizarte zientzientzako arazo orokorra, beti azpimarratu beharrekoa–, eskura ditugun lan soziologikoetan hutsune nabarmenak ditugu. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Soziometroan, gutxienez, monarkiak instituzio gisa EAEko herritarren artean sortzen duen konfiantzaz galdetzen da. Azkeneko lanean, %20k soilik erakusten du erakunde horrekiko iritzi baikorra; aurreko lanetan, modu harrigarrian, datu hori are apalagoa bazen ere.
"Sinesgaitza da pentsatzea halako galdeketa batean errepublikaren nazio edukiak ez lukeenik lehentasunik eskuratuko, Hego Euskal Herriko eta Kataluniako kasuetan bederen"
Baina deigarria da Espainiako erresumako ikerketa soziologikoen zentro publikoak, CIS delakoak, 2015eko apiriletik espainiar monarkiari buruzko galderarik ez egitea. 1978an sortutako ustezko kontsentsuaren ikurra krisian dagoen une batean, ahuldade horren beraren erakusgarri da ikerketa gune horren erabakia. Horri erantzunez, ezkerreko komunikabide batzuek –Espainia mailakoak, gehienak– bultzatutako ikerketa argitaratu da hilabete honetan. Txosten horretan, momentuz, Hego Euskal Herriko datuak bereizten eta azpimarratzen ez badira ere –bai, ordea, komunikabideen laburpenetan–, zenbait zertzelada egin daitezke hortik abiatuta.
Esaterako, gobernu motari buruzko erreferendumaren aldekoa litzateke gehiengoa (%47,8), gazteen nahiz ezkerrekoen artean aldekoak are gehiago izanik. Datu hori argiagoa litzateke Katalunian; eta, oro har, botoa emateko aukera izanez gero, gehiengoak errepublika aukeratuko lukeela adierazten du. Aitzitik, gehiengoaren iritzia da (%38,7), lan horretan, monarkiaren aldeko jarrera nagusi izango litzatekeela halako galdeketa batean. Ezkortasuna garaile, beraz.
Eztabaida hori, dena den, ezin da Espainiako sistema politikoa ahulen agertzen den eremutik bereizi: nazio auzitik edo, nahiago bada, zenbait herriren independentzia eta subiranotasun eskaeretatik. Sinesgaitza da pentsatzea halako galdeketa batean errepublikaren nazio edukiak ez lukeenik lehentasunik eskuratuko, Hego Euskal Herriko eta Kataluniako kasuetan bederen.
Errepublika kontzeptuaren garrantzi hau, bada, aukera egokia da errepublikanismoaz gurean eta guretik ere hausnartzeko. Kontraesan handiak pizten dituen gaia da, bereziki Ipar Euskal Herrian ez dagoelako monarkiarik, Frantziako Errepublika entzutetsua baizik. Horrela uler daiteke, adibidez, jakobino oraindik irain gisa erabiltzea, baita ezkerreko posizioetatik ere. Errepublikanismoak, baina, emantzipazioaren hari gorriarekin du lotura; zabaldu eta birdefinitu beharreko haria, zalantzarik ez, baina baita euskal errepublika batentzako heldulekua ere.