Maurice Ravelen distira eta jazzaren erritmoak saio berean batzeak erakargarritasun berezia zuen, zalantzarik gabe. Baina emaitza entzun ondoren, non Marco Mezquida Ziburuko musikaren mundu onirikoan barneratzen den, eta bere musika beste eskema batzuetara eramaten duen, bere esentzia galdu gabe, gauza bakarra esan dezakegu: bikain.
Marco Mezquida pianista mallorcarrak 32 urte ditu, eta izugarrizko ahalmena du mota desberdinetako proiektuak aurrera eramateko. Bere taldeak zuzentzen ditu, irakaslea eta konpositorea da, eta talentu izugarria du, gero eta goraipatuagoa.
Oraingo honetan, bera bezalako bi musikari gazte eta ausartekin batera, (Martín Meléndez kubatarra txeloan eta Aleix Tobías bateria eta perkusio jotzaile kataluniarra) Ravelen ametsak eta gakoak deszifratzen saiatu da, eta Ravelek berak ezagutzen zuen eta maitatzen zuen musika batera, jazzera, eraman ditu.
Ravelek 1920ko hamarkadaren amaierako jazza ezagutu zuen Amerikako Estatu Batuetan bira luze batean ibili zenean, eta musika horren ñabardurak gehitu zizkien bere konposizio milimetriko eta preziosistei. Marco Mezquidak eta bere kideek hori guztia garatu dute Ravel’s dreams izeneko ikuskizunean, non fintasuna eta pasioa barra-barra eskaintzen duten.
Konpositorearen pasarte zoragarrienak entzun ahal izan genituen musikari hauen ikuspegiaren bidez eta, hala, esentzia ravelarrak bere horretan jarraitzen zuen, baina osotasunak zapore berri eta zertxobait apurtzailea zuen, nahiz eta errespetu handiz egina izan.
Sarrera zoragarri batekin hasi ziren, non Jeux d’eau obraren esaldiak entzun ahal izan genituen. Ravelen pianorako lehen lanetako bat da, eta haren tinbrika berezia ondo islatu zen Mezquidaren lanean. Ondoren, Fa maiorreko laukotearen berrikuspen aske eta indartsua interpretatu zuten, non Ma mère l’Oye lau eskutako pianorako lan preziatuaren zatitxo batzuk integratu zituzten. Emaitza harmonikoa eta tinbrikoa liluragarria izan zen.
Jarraian eskaini zituzten ikuspegi onirikoak ere, Pavane pour une infante défunte, Le tombeau de Couperin, Sol maiorreko kontzertuaren bigarren mugimendua edo Bolero ezinbestekoa, errespetu, gustu bikain eta exekuzio paregabe berarekin tratatu zituzten hiru artistek.
Sorpresak ere izan ziren. Ravel eta jazzaren artean integratuta, Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean abestiaren bertsio pianistiko ederra entzun genuen.
Mezquidak zeresan handia emango du etorkizunean. Adi egongo gara.