Maitalea eleberria idazteagatik da batez ere ezagun Marguerite Duras: Indotxinan igarotako gaztaroari buruzko kontakizun autobiografikoa, zeinean neskato zuri nerabe baten eta amorante txinatar helduago eta aberatsago baten arteko amodiozko harremana azaltzen den, eskandalu bat. Baina ez zen izan sakonki markatu zuen nerabezaroaz idazten zuen lehen aldia. Arte kateko dokumental bati esker jakin dut: 1950ean jada ukitu zuen Frantziako kolonian bizi izandako iragan familiar mingarria, Un barrage contre le Pacifique nobelan. Inperioaren harribitxia zena burdel handi batekin konparatzen zuen bertan. Noski ez zuen Goncourt saria irabazi. Maitaleak bai 1984an –eta beste batean hitz egingo dugu sariek literaturarekin duten zerikusi urriaz–.
Un barrage, beraz, kolonialismoaren kontakizun ofizialaren oso bestelakoa, atzeko aldea erakusten du, esplotazio sistema basatia. Amak fortuna egin nahian lur batzuk erosi, aurrezki guztiak xahutu, eta kultibagarri ez direla ohartzen da. Zorrak, infernuetara jaitsiera. Zuri pobreak bilakatu ziren. Eskala kolonialean beheko mailan zeuden. Indigenen mailan ia. Ia. Nahiz eta pobreak izan morroi-neskameak baitzituzten, bistan da indigenak, sukaldari bat eta txoferra. Gizonezko batzuek esklabo sexual gisa ere hartzen zituzten emakumeak –baina hori ez zen eskandalua, Maitaleako harremana bezala–. Eta Durasek, kolonialismoa eta injustiziak salatu arren bere idatzietan, ezin izan zien ihes egin estereotipoei. Kolonizatuak nola ikusten zituen ez dakigu, ez dute izenik ere bere eleberrian, bloke monolitiko bat dira indigenak, ikuspuntu mendebaldar bat du asiarrekiko, ez daude haragiztatuta. Bien bitartean, euskaldunok omen gara Europako azken indigenak. Ez dakit ba. Euskaldun –eleanitz–, ar –biologiak hala dioelako–, hetero –edo–, zuri –hori bai, oso zuri– gisa, esango nuke, ezer izatekotan, Duras garela gehienera, ez inolaz ere indotxinar.