argia.eus
INPRIMATU
Haurdun geratu nahi eta ezin
Ana Mendia 2020ko urriaren 21

Ez dugu sinetsi nahi, baina aldi berean txoratzen gaude”. Hamar urteko mediku‑pelegrinazioaren ostean irten zaie azkenean txanponaren beste aldea, eta haurdunaldiko kartilla eskuetan hartuta joan dira kontsultatik.

Laguntza bidezko ugalketarako itxarote-zerrendan egotea ez da dirudien bezain ohiz kanpokoa. Orain egun batzuk irten zen prentsa oharra: azken bost urtean %28 egin dute gora laguntza bidezko ugalketek Espainiako Estatuan. 2018an jaiotako haurren %9 baino gehiago izan ziren teknologiaren laguntzaz ernaldu zirenak; hamarretik ia bat, alegia.

Ernalketarako bidean badira lauagoak diren errepideak eta badira espedizio nekezak; dena dela, zeharkaldia ez da nolanahikoa izaten. Espermatozoide bizkor eta lehiakorrenak lasterketa irabazi eta esperoan egon beste ardurarik ez duen obulu handi, borobil eta pasiboa konkistatzen duela kontatu ziguten. Bertsio patriarkala onetsi genuen. Eta, horregatik, prediktorean bi marratxo irteten ez direnean badirudi ez garela izan behar bezain borobil, behar bezain paziente, behar bezain zintzo, behar bezain saiatu; edo, akaso, behar bezain trebe, behar bezain lehiakor, behar bezain indartsu.

Aurreneko pausoak tximeleta efektua dakar atzetik, askotan. Lehenago edo beranduago miraria gertatuko den esperantza‑sokari helduta, behin eta berriro bilakatzen da azken saiakera zena azken aurreko. Gero eta lodiagoa mediku-hitzorduen karpeta.

Egunak, orduak, dosiak, pilulak, zantzuak, zikloak, emaitzak, txostenak, fakturak.

Gailurrera helduz gero sakrifizioak merezi du, noski. Bada, ordea, tontorra zapaltzen ez duenik. Baina, jakina, hainbesteko dirutza mugitzen duen negozioari nekez okurrituko zaio autobus markesinetan egia gordina iragartzea. Zalantza izpirik egon ez dadin: badira hamar urtean txanpona bota eta bota jardun arren beti aurpegi bera ikusten dutenak. Eta bide batez: ez dut uste karpeta ixtea etsitzea denik. Benetan azkena zein den erabakitzea ausarta da oso. Ze, zenbat eta nekezagoa saiakera, orduan eta zailagoa soka askatzea.

Inpotentzia, frustrazioa, haserrea, pena, inbidia, dolua, nekea, mina, lotsa, bakardadea, errua.

Ugalezintasuna gurasotasunaren beste aurpegi bat da. Joera argia da, gainera: gero eta haur gutxiago jaiotzen dira, baina gero eta gehiago dira tratamenduz lagundutako munduratzeak. Benetan latza da higadura fisiko eta emozionala bizikide izatea; are neketsuagoa tabua eta epaia inguruan dabiltzanean.