argia.eus
INPRIMATU
Aita Santuaren inkoherentziak
  • Frantzisko Aita Santuak, toki askotan hain errespetatua den Eliza Katolikoaren buruak, mundu guztiari zuzendutako gutuna argitaratu du: Fratelli tutti (“Anaiak denok”).

Juan Mari Arregi 2020ko urriaren 20a

Batzuek gutunaren alderdi positiboak goraipatuko dituzte, baina hemen, bere inkoherentziei erreparatu beharrean gaude. Globalizazio kapitalistaren ondorioak salatzen ditu, eta, hala ere, ez du aipatzen eta gutxiago gaitzesten ondorio horiek sortzen dituen sistema kapitalista. Elizak ez zuen arazorik izan marxismoa eta komunismoa gaitzesteko. Kapitalismoa, ordea, ukiezina da, kudeatzaile katoliko asko sistema horretan kokatzen baita.

Frantziskok berdintasunaz, anaitasunaz, ondasunen banaketaz, pobreen eta migratzaileen harreraz hitz egiten du, baina ez ditu ideia horiek Elizan aplikatzen. Felix Placer teologo euskaldunak ere, nahiz eta eskutitzari alderdi positiboak aitortu, inkoherentzia hori aipatu du Garan. Aita Santuak “munduko anaitasunaren zerbitzura” dauden erlijioez hitz egiten duenean, Placerrek dio aipamen berezia egin ziezaiokeela Eliza katolikoari, “non anaitasuna bere esparru guztietan berreskuratu behar den, horietako batzuek berdintasunarekin eta justiziarekin baino, distantzia hierarkikoarekin, emakumeen bazterkeriarekin (...) eta lege interesatuetan oinarritutako immatrikulazioekin zerikusi gehiago baitute”.

Placerrek salatzen dituen “lege interesatu” horiek Espainiako lege frankistak dira, José María Aznarren gobernuak sostengatu eta ondorengo gobernu sozialistek mantenduak. Espainiako Estatuko Elizak 30.000 ondasun publiko baino gehiago bereganatu ditu (parkeak, frontoiak, plazak, etxeak, katedralak, hilerriak, baselizak...), eta horietatik 5.000 baino gehiago Hego Euskal Herrian daude. Aita Santuak munduarentzat doktrina azaltzen du, baina lehenik koherente izan beharko luke, bere burutik eta bere Elizatik hasita.