argia.eus
INPRIMATU
Musikak plaza bete zuenekoa
Xabier Etxaniz Erle 2020ko urriaren 14a
Hans eta igela | Inazio Mujika Iraola | Ilustrazioa: Maite Gurrutxaga | Erein, 2020.
Hans eta igela | Inazio Mujika Iraola | Ilustrazioa: Maite Gurrutxaga | Erein, 2020.

Pikotxean izeneko bilduma berriari eman dio hasiera Inazio Mujika Iraolak idatzi eta Maite Gurrutxagak ilustraturiko liburu honek. Eta alde horretatik esan behar dugu pozgarria dela bilduma berria plazaratzea, baita aspaldian haur eta gazte literaturatik urrun zeuden idazleak bueltatzea ere –Mujika Iraola eta Anjel Lertxundirenak dira orain arte argitaratutako bi liburuak, bai eta iragarri diren hurrengo biak ere–.

Hans mutila dugu istorio honetako protagonista nagusia; bera eta berarekin dabilen igela. Europako ipar aldetik datorren mutilak motxila erantzi eta sagar bat jateari ekiten dio plazako arkupeetan. Eta plaza horretan jazotakoa dugu liburu honetako kontakizuna, izan ere Hans, ateri denean, plaza erdian hasi baita biolina jotzen; berak musika jo eta igelak saltoak eman.

Apurka jendea inguratzen hasten da Hans eta igelaren ondora, hasieran bakar batzuk, geroago beste batzuk gehiago… harik eta pilatutako jendetza ezin mugitu arte. Eta orduan hasten dira komeriak, alkatea ere tartean, mugitu ezin diren horiek denek plaza husteko, lagun horiek denak handik irteteko.

Deigarria da Mujika Iraolak darabilen hizkera, kontakizunari ematen dion erritmoa eta nola jolasten duen hitzekin: “Igandero dantzara agertzen zen dantzazale aparta, ttuttunero besomotza, bixigu begiak zituen arrantzalea eta beste asko eta askorekin berrogeita seiren bat bai, joan den astean plazako teilatuan umeak egin zituen katua ere kontatuta”. Istorio honen kontakizunean garrantzi handiagoa hartzen baitu, zalantzarik gabe, nola kontatzen den, zer kontatzen den baino. Gertakari sinple hori, plaza bete eta hustu beharra, umoretik, jolasetik, ironiatik eta komentario kritikoetatik ere narratu izan digulako idazleak.

Hans eta igela berehala irakurtzen den istorioa dugu; arina argumentuan, erakargarria idazleak darabilen estiloagatik, entretenigarria istorioaren nondik norakoagatik eta ikusgarria Maite Gurrutxagak ilustrazioen bidez egiten duen jolasagatik. Lastima azken irudiak spoiler bat egitea eta hurrengo orrian testuan ageri dena aurreikustea; baina akats txiki horrek ez du, inola ere, liburu honen interesa gutxitzen.