Sorkari 2017an Iruñerrian sortutako musika talde gaztea da, atzo bertan sorpresaz deskubritu eta orriotara ekarri dudana. 2018an hasi ziren zuzenekoak ematen eta 2020an –pandemia betean– argitaratu dute honako diskoa, beraien ibilbideko lehena. Badute meritua, egiten duten horretan sinesten dutelako.
Harritu nau nabarmen taldearen soinuaren irmotasunak, ahotsaren indar eta gardentasunak, baita pose eta tribuetatik harago, taldekideek duten look sobrioak ere, tendentzia edo sonoritate jakinekin lerrokatzen ez dena. Azken hori da garaiak aldatu diren seinale argia, akabo lerrokatze eta “mozorroak”.
Gazteak badira ere, izan dituzte bestelako musika esperientziak eta gaur egun oraindik ere haietako bi Lubaki (Adrian) eta Skabidean (Lorena) musika taldeetan ari dira, baina arras desberdinak guztiak. Dena den, gogo handiz hartu dute Sorkari eta disko borobila kaleratu dute. Dena den, kontuz, Lorenaren ahots ikaragarria gai da taldearen indarra eta emaitza instrumental konpaktua estaltzeko, adi oreka horri.
Ez aldarri argia da, mihian inongo ilerik utzi nahi ez duena, eta soinuari dagokionez Buenawixta punk-rock eskolan erraz asko erditu ahal zitekeena. Ikusleari gitarreroagoa da, ez hain bortitza eta hard-rocketik ere edanez hit-a bihur daiteke. Astunegi azkarra eta indartsua, erritmo bizikoa, baina azalean darama zama malenkoniatsua itsatsita. Mila aukera-k badu abiadura itzeletik eta melodiatik, Discipulos de Dionisos eta Screaching Weasel oinarri balitu moduan. Kilima stonerra da, pisutsua eta Lorenaren ahotsa desertuan barrena luzatzen eta kiribiltzen; ederra! Zer arraio-k oinarri indartsu, ia industriala eta rockeroa dauka, eta nire burua ia “Sua, sua” oihuka ikusi dut Kuraia gogoraraziz. Lehen platera-k dauka Cosmic Psychos-en Lost Cause-en riffa baina 1977ko punk-rock azkarrenean amiltzen da gero. Hutsune punk-rock-and-roll oso gitarreroa da. Eta azkenik, Gidoia, 80ko hamarkadako ukitu zirikatzailea daukan punk-rock eta hard-rock koktela.