Santi Leone adiskideak idatzi du Terenci Moixek inguruan zuen mundua kritikatzen zuela eta, aldi berean, haren konplizitatea behar zuela: mundu literario katalana, lehen fasean, eta Espainiako farandularen mundua, bigarrenean. “Uda honetan, nerabezaroko mitoa izan nuen Moixen ipuinak irakurriz ohartu naiz orduan ikusi ez nuen haren alde batez: izan zen gauza guziez gainera, Moixek bere kultura, itogarria zelakoan, utzi zuen idazlea ere izan zen”. Haren liburu interesgarrienak katalanez idatzitakoak izan arren, La torre dels vicis capitals (1968), Món mascle (1971) edota Terenci als USA (1974) lanekin garaiko literatura katalana irauli arren, aski ondo ulertzen dut bere kultura –bere kulturetako bat?– utzi izana, itogarria zelakoan. Nori ez zaio pasa egun batzuetan –klaro, arazoa da egun horiek eguneroko bilakatzen hasten zaizkizunean–.
Ingeborg Bachmannek ere Vienarekin eta, oro har, Austriarekin, maitasun-gorroto harremana izan zuen beti, Idoia Santamariak kontatzen digu berak euskaratutako Aldibereko narrazio bildumaren hitzaurrean. Sorterriaz gain Parisen, Londresen, Berlinen, Zurichen bizi izan zen, luzeen Erroman, bizilekurik egonkorrena, bertan hil zen arte 1973an. Italiako hiriburuan bizitzeak askatasuna ematen zion, “bizimodu bikoitza egiteko aukera”, ze ideia iradokikorra. Merezi du esan bezala ekartzea: “Erromako nire lan-gelan sartu bezain laster, Vienan nago, ez Erroman. Bizitzeko modu nekagarri samarra da, eskizofrenikoa beharbada. Baina hobeto nago Vienan Erroman bizi naizelako hain zuzen, distantziarik gabe ez bainintzateke gai izango lan egiteko”. Hitzez hitz sinatuko nituzkeen hitzak. Eta liburu osoa da aberriari, erbesteari, hizkuntzari, identitateari buruzko hausnarketa mamitsu bat, gaurkotasunik batere galdu ez duena. Baina bizimodu bikoitzaren errebelaziogatik bakarrik, luzaz atxikiko dut maiteenen artean.