argia.eus
INPRIMATU
Natura besarkatu
David Bou 2020ko urriaren 06a

Pereren bizitza erabat aldatu zen duela hamahiru urte. Goizetik gauera inbertsio txar batzuek kalean utzi zuten, bere ondasun material guztiak galduta, hiru urte pasa bizitoki izan zuen autoa salbu. Orduan erabaki zuen arrantzaleen aterpe txiki batera bizitzera joatea, Costa Bravako hondartza eder batean, ingurune natural babestu betean.

Aterpe edo “barraka” hori Estatuko Portuak erakundearen jabetzakoa da eta udalak kudeatzen du. Mendeak direla, udalari giltza eskatuta bizilagunek herri bazkariak egiten dituzte asteburu eta jaiegunetan. Hori guztia ez da aldatu Pereren presentziarekin, ez baitu baimen formalik behin betiko bizitzeko, baina bere funtzio altruista bermatzen duen kapital sozial aberatsa pilatu du: ingurunea giza arrastotik libre mantentzea.

Azken udetan bisitariak modu esponentzialean ugaldu dira paradisu txiki horretan, lehenago herritar gehienentzat ia ezezaguna zena. Garraiobideen eta komunikabideen hobetzea, turismoaren hedatzea erosteko ahalmen txikiagoa duten gizarte-mailetara eta ohiko oporlekuen kolapsoa dira faktore nagusiak, besteak beste.

"Polemika piztu da: zenbateraino arautu edo mugatu beharko genituzke gure harribitxi naturaletarako sarbideak?"

Hiru hilabetez hirian konfinatuta egon ondoren, aire garbia arnastea behar bihurtu zaio jende askori. Espainiako Estatutik kanpo bidaiatzeko zailtasunek eta pandemiagatik ezarritako segurtasun distantziak eta murrizketek egin dute gainerakoa. Inguruko naturguneak helmuga posiblerik onena ziren, horregatik izan dituzte inoiz baino bisitari gehiago, eta horrek eztabaida sakona azaleratu du.

Pica d ‘Estats gailurreko irudiek –Kataluniako tontor enblematikoa Ekialdeko Pirinioetan–, argazki bat ateratzeko txandaren zain dagoen txangozale ilara luzearekin, naturaren masifikazioarekiko kezka eragin dute, baita inguruko lakuetan jende asko bainatu izanak eta gailurrera bidean utzitako zabor errekastoak ere. Polemika piztu da: zenbateraino arautu edo mugatu beharko genituzke gure harribitxi naturaletarako sarbideak?

Ingurumen ondorioak ugariak dira, eta ekosistemak suntsitzen laguntzen dute: faunak ihes egiten du gizakiak eragiten duen estresaren ondorioz, edo gure urratsek higadura sortzen dute. Kalte horiek arintzeko, zenbait tokitan, sarrera ordainketa sinbolikoa eta edukiera kuotak ezarri dituzte ingurunea lehengoratzen laguntzeko. Gaztelugatxen ere hala gertatu da eta hori bezalako adibideek erakutsiko digute neurri horiek nahikoa diren ala ez.

Mundu guztiak du naturaz gozatzeko eskubidea, baina horrek batzuetan prestakuntza edo laguntza eskatzen du. Generalitateko suhiltzaileen datuen arabera, mendi erreskateak % 20 hazi dira Katalunian konfinamenduaren ostean, gertatzen ari denaren erakusgarri: kontzientzia eta ingurumen hezkuntza gabezia orokorra da, gu geu eta ingurunea arriskuan jarriz.

Pere itsasoari so zegoen patxadatsu, abuztu betean, galdetu nionean ea udan ehunka pertsona egunero ikusteak ez ote zuen nekatzen, bakardadera ohituta egonik. “Gehien gogaitzen nauena da hogeita hamar urtez urtero etortzen direnak kexu egotea, hemen egoteko gainerakoek baino eskubide gehiago balute bezala”.

Harrituta, bere azken gogoeta entzun nuen: “Zenbat eta jende gehiagok ezagutu eta maitatu leku hau, orduan eta zailagoa izango dute suntsitu nahi dutenek”. Ingurunea areago estimatzen irakatsi zidan Perek egun hartan, eta errespetu horren igorle izatea besterik ez nuke nahi, hura gozatzen duen ororen arrastoa ezabatzeko olatu bat nahikoa izan dadin. Orain, zuei dagokizue ezagutzea.