Louise Bourgeoisek ez omen zion herra berezirik amari, nahiz eta batek kontrakoa pentsa lezakeen Guggenheim ondoko haren armiarma erraldoi durduzagarriaren azpitik pasatu eta eskulturaren izena Ama dela jakiten badu. Armiarma, aramua, marasma…: etimologiak gorabehera, ezin uka euskarak berak hoskide samar dituela amak eta armiarmak. Eta ezin uka, aldi berean, zer sentipen piztu ohi dioten animalia hankatsu horiek jendeari, araknologo edo zomorrozale ez direnei behintzat: izua, nazka. Aj, aj! Ut, ut! Bourgeoisek esplikazioak eman behar izaten zituen beti: “Amari egindako oda bat dira armiarma horiek. Tapizgilea zen bera, eta, armiarmak bezala, ehulea ere bai. Babestu egiten ninduen, eta lagunik minena nuen”, azaldu zuen behin The Guardian-en. Ehule baten alaba, artista bihurturik, amari ohoreka.
XX. mendeko Louise Bourgeois hori baino puskaz ezezagunagoa da haren izenkide bat, beste Louise Bourgeois bat, aspaldixko bizi izan zena, XVI-XVII. mendeetan, eta kasualitatez (edo ez) ehungintzarekin eta amatasunarekin lotura estua
"Gure garaiko Louise Bourgeois honi eskultore-bidea malkartu zioten bezala emakume jaio izate hutsagatik, duela hiru-lau mendeko Louise Bourgeois hari ere ezin konta ahal oztoparri ipini zizkioten ez zezan irakatsi zekien guztia"
izan zuena, jostun aritu baitzen zenbait ezurtetan, eta “obstetriziako lehenbiziko emakume profesional handia” bihurtu baitzen gerora, Adrienne Richek Emakumeagandik jaioak liburuan dioenez. Emagin aritzeaz gainera, ikasleak langintza horretarako trebatzen ere jardun zuen Bourgeoisek, eta espezialitate hari buruzko zenbait liburu ondu zituen grinaz. Gizonezkoen medikuntza, ordurako, bereganatzen hasita zegoen menderik mende emakumeen esku egondako praktika eta jakintza hura, eta emagintza hasita zegoen galtzen gizatasuna, hurkotasuna: erdi-hurren zegoen andrearengana heldu, medikuari berari komeni zitzaion posturan erdiarazi, ondorio fisiko eta psikologikoetan asko pentsatu gabe edozein tresna eta metodo erabili, eta agur, hor konpon. Jakina, zenbat eta pobreagoa emakumea, orduan eta zabarragoa eta ezaxolagoa jarduna. Emagintza aberasbide huts bihurtu zuenik ere izan zen (horren adibide dira chamberlendarrak, forzepsaren asmatzaileak, behar ez zenean ere trastea erabiltzen tematzen zirenak eta behar zuenari patentea eman nahi izan ez ziotenak). Bourgeoisek, joera hari beha, erabaki zuen ofiziokoei jardunbide egoki batzuk ematea; besteak beste: “Engaia zaitez ikastera, zure azken egunera arte; umiltasun handia behar da horretarako […] Ez sekula ausartu irakatsi dizuten sendabide bat erabiltzen, ez pobreekin eta ez aberatsekin, baldin eta seguru ez bazaude onerako dela eta ez dakarrela kalterik […] ez ezkutatu medikuei eta beste emaginei zer sendagai erabiltzen dituzun […]”.
Eta, halaz guztiz, gure garaiko Louise Bourgeois honi eskultore-bidea malkartu zioten bezala emakume jaio izate hutsagatik, duela hiru-lau mendeko Louise Bourgeois hari ere ezin konta ahal oztoparri ipini zizkioten ez zezan irakatsi zekien guztia (eta ez zen gutxi). Bera, ordea, jakintza-sare bat ehuntzen tematu: profesionaltasunagatik ez ezik ahizpatasunagatik ere bai, edo hala segitzen da haren hitzetatik behintzat. Badirudi kontra egin nahi ziola, nolabait, mende batzuk geroago Charlotte Perkins Gilman-ek idatzitako Herland nobela utopikoan gizon protagonistetako batek botatzen duen ustekizun maiztuari: “Hauek denak emakumeak baino ez dira, eta amak, gainera; eta amatasuna dagoen lekuan ez duzu ahizpatasunik aurkituko”. Historia josia ez balego bezala anaidiaren saretik ihes egin nahi eta armiarmen arteziaz ahizpen sarea ehuntzen ibili diren ama-alabaz.