argia.eus
INPRIMATU
Kapitalismo zelataria
Juan Mari Arregi 2020ko urriaren 08a

Kapitalismo ekonomikoa, komertziala, industriala edo finantzarioa ondo ezagutzen ditugu, urte asko daramatzagulako horiek jasaten. Bada ordea beste kapitalismo bat, zelataria, orain sartu digutena, eta bitxia bada ere, herritarrak gara bere elikagai eta oinarria. Horrela ondorioztatzen du Shoshana Zuboffek The Age of Surveillance Capitalism (Kapitalismo Zelatariaren Garaia) liburuan, duela gutxi gaztelaniara itzulia, Paidós argitaletxearen eskutik.

Googlek asmatu zuen kapitalismo hori. Facebookek, Microsoftek eta Amazonek bide bera jarraitu zuten eta negozio horretan sartuta daude, kapitalismo zelataria herritarron bizitzekin multinazional horiek elikatzen duten negozio handia baita. Etxeetan sartu zen bere baliabide teknologikoen bidez (internet), eta datuak, ohiturak, irakurketak, aisialdia, gastronomia… Dena xurgatzen du. Enpresa horiek gure etorkizuna moldatzen dute beren produktuak eskaintzeko. Ni neu bezala, zu ere konturatuko zinen interneten liburu bat, botika bat, arropa bat, ardo bat, edozein produktu bilatu baduzu, hurrengo egunean webgune gehienetan horien publizitatea agertuko zaizula, eros dezazula eskatzeko. Praktika hori kapitalismo zelatariaren parte da. Gizakiaren portaera ezagutzen dute eta gure datuekin negozioa egiteko moldatzen dute.

Ikasgai bat ateratzea komeniko litzateke kapitalismo mota berri honetatik. Jakin dezagun erabat kontrolatuta gaudela. Eta gure kontsumoa kontrolatzen badigute, zer ez digute kontrolatuko? Googleko presidenteak esan zuen: “Ez dugu ezer tekleatu beharrik. Badakigu non zaudeten eta non izan zareten, eta gutxi gorabehera jakin dezakegu zer pentsatzen ari zareten”. Etengabeko zelatatze horrekin, subiranotasun pertsonala ere lapurtuko digu kapitalismoak.