Ohituta gauzkate irria ezpainetan loratzen: pailazoak ikuste hutsarekin, gure barruko haurra ari da bereak eta bi egiten! Baina, hain maiteak ditugun lagun horiek ere, azken boladan, uxatu dizkigute inguruotatik; ez omen zaigu komeni harremanak aise, samur, ugari izatea… murriztea, isolatzea eta bakartzea, geure osasunarekiko zein besteekiko errespetuz. Duela gutxi arte intsumisioa honi eta hari aldarrikatzen ari zirenek ere hala diote, ezkerreko zein… ezkerrekoek.
Noski, beldurrak ez du barkatzen. Bakartu ere egiten du. Corona Dirusaz egin zen lehenengo prentsaurrekoan, traje kakiak eta beste koloretako izardunak ikustean pentsatu nuen, nolaz? Osasunaz ere ba al dakite? Gai al dira adinekoak zaintzeko,
"Murriztea, isolatzea eta bakartzea, geure osasunarekiko zein besteekiko errespetuz. Duela gutxi arte intsumisioa honi eta hari aldarrikatzen ari zirenek ere hala diote, ezkerreko zein… ezkerrekoek"
adibidez? Aibala, eta geroxeago traje beltzak eta gorriak orrialde ia osoko iragarkian, gure etxeko egunkarian ere, lehen prentsaurreko hartako argazkiaren pareko kopia izan nahirik edo… bakoitzak bere indarra azalduz; arrazoiak baino indarrak gehiago balio? Beldurra da botereak autoritaterik ez daukanean duen irtenbidea eta, konfinatu hitza, militarren ahotan entzunda ikasi dut ez Osakidetzan.
Bestalde, hiriak ziri dira bizidunontzat eta zaila du erremedioa. Zergatik du, Hego Euskal Herrian, Gipuzkoak biztanleen proportzioan kutsatu gutxien? Eta zergatik jarri dute EAEn hainbeste isun? Akaso lehen aipatu bi datuok lotu behar al dira? Gipuzkoa herri txikiz, auzoz, baserriz… jantzia dago, horrek ba ote du zerikusirik? Gipuzkoarrak ote harremanetan antigoalekoenak, uzkurrenak? Hirietako bizilekuak, balkoi, lorategi, baratze gabeak jasangarriak /jasanezinak ote? Jasan hitza bera bizitzari buruz, ezin dut jasan.
Azkenik, eliza ere aldatu da! Hileta batera eta herritar Valentin Larrearen obrekin osaturiko kontzertura joan naiz herriko elizara: hidrogel alkoholikoa eskuak garbitzeko. Ur bedeinkatu ontziak hutsik, “inor ez kutsatzeko asmoz eta fedez”. Hara Pilatos! Etzeok garai bateko apaiza begira! Bataioko urak gure arima bekatutik garbitzen zuela eta hori gabe infernuko garretara kondenaturik geundela… hezurretarainoko izua sartu zigun! Orain zer eta ur bedeinkatuaren lekuan hidrogel alkoholikoa?!
Dena ez da aldatu, ordea. Diru kontuak, ziri kontuak eta beste, lehengo errege hanka handiak inor ohartzeke ospa egin du; ezta argazkiko kakiak ere ez omen dakite ezer. Eta eskerrak ez den errepublika batera joan, monarka dontsua, golfo inguruan omen dabil, justizia denontzat da berdina, esanaz...