2016an Kataluniako Merolako dorretik geratzen zen paretaren goiko zati bat erori zen eta, amiltzeko arrisku handia zegoela ikusita, horma sendotzeko zaharberritzea egitea erabaki zuten. “Ukitu gabe zaharberritzea” zen helburua
Berguedá eskualdea (Katalunia), 983. Lehenengoz Merola gotorlekua aipatzen da dokumentu batean. 1050ean Merolako Santa Maria eliza erromanikoa aipatzen da eta garai bertsuan agertzen dira Merolako jaunen lehen aipamenak ere. Familia hura XII. mendean hasi zen nabarmentzen, eta XIII. mendean, Bernardo Merolakoa Guilhem Berguedan trobadore ospetsuaren laguna zen; harekin batera Viceko apezpikuaren aurka egiteagatik egin zen ezagun. Ustez, Bernardok berak eman zuen Merolako gaztelua eta, beraz, oraindik zutik dagoen dorrea, eraikitzeko agindua.
XV. mendean Katalunia astindu zuten lurrikarek suntsitu zuten ia eraikin osoa, eta dorre nagusiaren iparraldeko horma besterik ez zen zutik geratu. 2016an paretaren goiko zati bat erori zen eta, amiltzeko arrisku handia zegoela ikusita, horma sendotzeko zaharberritzea egitea erabaki zuten. “Ukitu gabe zaharberritzea” zen helburua eta horixe egin du Carles Enrich estudioak: 15 metroko hormaren ondoan egurrezko egitura bat ipini du, horma bera indartzen duena eta, gainera, bisitariei goraino iristeko aukera ematen diena. Hala, duela 600 urte galdutako ikuspegia berreskuratzea eta arrastoen eta herritarren arteko harremana estutzea lortu dute.
Merolan, duela 600 urte galdutako ikuspegia berreskuratzea eta arrastoen eta herritarren arteko harremana estutzea lortu dute. Arazoa zena, herritarren eta ondarearen arteko elkarrizketa sustatzeko bidea bihurtu da
300 kilometro hegoaldera eginez oso bestelako adibidea dago: Saguntoko erromatar teatroa. 1990 eta 1994 urteen artean egin ziren zaharberritzeko lanetan, zegoena suntsitu eta berriz eraiki zuten. Epaitegiek lanak legez kontrakotzat jo arren, lehengoratzeko agindua betetzea ezinezkoa da eta, beraz, saguntoarrek erromatar itxurako antzoki berri bat dute, baina ondarea betiko galdu dute.
Inguruko beste adibide batzuk
Gurean denetariko adibideak daude: Bilboko Uribitarteko biltegi frankoa, esaterako. 1917an eraikitako egituraren barrualdea 1990ean bota zuten, eta 2003an, ia fatxada osoa. Gaur egun Isozaki atea dago bertan, baina 2003an bota ez zuten fatxada zatia mantendu dute. Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartearen (IOHLEE) hitzetan, fatxada zati horrek “hiriak bere iragan industrialarekiko gutxieneko errespetuz garatzeko gaitasunik ez duela adierazten du”.
2012an, Donostiako Klub Nautikoa (1929) zaharberritzean, guztiz errespetatu nahi izan zituzten Le Corbusierrek berak goraipatutako eraikinaren jatorrizko ezaugarriak. Gerora gehitutako sokazko barandak eta banderatxoak kendu zituzten, eta jatorrizko eskailera metalikoak berregin, besteak beste. Zenbait herritarrek ez zituzten erabaki horiek ulertu eta Change.org-en zaharberritze lanen kontrako sinadura bilketa ere abian jarri zuten, ez zelako asmatu proiektuaren nondik norakoak gizarteratzen edo kendu zituzten elementu berri horiek ordurako oso txertatuta zeudelako donostiarren iruditegia kolektiboan.
2000. urte inguruan hasi ziren Gasteizko Santa Maria katedraleko zaharberritze lanak. Hamar bat urteko lanak aurreikusi arren, bazekiten epea luzatu zitekeela, eta dagoeneko 20 urte joan dira. Oso kezkagarria zen eraikinaren egoera eta zaharberritzea kontu handiz egin behar zen; 1960ko hamarkadako zaharberritze lan inbaditzaileek ez zioten batere mesederik egin XIII. mendeko egiturari, alderantziz, egoerak okerrera egin zuen. Horregatik, jatorrizko elementuak ahalik eta gutxien ukituz, material eta teknika zaharrak errespetatuz ari dira lanean. Gainera, Obretan eta irekita lelopean, lanetarako sortutako egiturei pasabide batzuk gehituta, publikoari zabalik egon da prozesu guztia.
Katedrala bera eta zaharberritze lanen fase guztiak gertutik ezagutzeko aukeraz gain, herritarrek, lanak egin bitartean egindako aurkikuntza arkeologikoen berri ere jaso dute. Hainbat sari jaso ditu proiektuak eta, guztira, 350.000tik gora bisitari izan du. Arazoa zena, Merolan bezala, herritarren eta ondarearen arteko elkarrizketa sustatzeko bidea bihurtu da.