Hiru hilean behin ematen dut iritzia hemen. Gai librean baina karaktereak mugatuta.
Askok uste du nire gaiak ere mugatuta daudela; euskara-irakaslea izateak eta inguru jakin batean jaio eta mugitu izanak mugatzen nautela, mugimendukoa ez banaiz, meneillokoa behintzat banaizela, alegia. Bada, ez! Nik ere badut iritzirik eguneroko arazo arrunten inguruan. Eta hortik artikulu hau gai horietako bati eskaintzea, Durangoko kanpaiei hain zuzen ere.
Egia da sarritan euskara izaten dela nire gaia: euskararen transmisioa, euskaltzaleak, euskararen baliabideak eta horien gabeziak... Baita presoak ere. Sarritan joaten naiz lagunak bisitatzera, eta horretan ere ugariak dira hari-muturrak: dispertsioa, eskubide-urraketak, etxeratzeko estrategiak....
"Ordu guztiak eta erdiak, egunekoak zein gauekoak, denak jotzen dizkigute gero eta bisitari gutxiago baina presentzia akustiko ikaragarria duten elizek. Inondik ere ez dute udalerriko zarataren ordenantza betetzen"
Oraingoan ere, badaitort, zalantzak izan ditut. Eztabaidak izan ditut azken aldian euskararen kalitate edo kalitate ezak hainbat euskaltzaleri sortzen dien egonezinaren inguruan, baina ez du pena merezi eztabaida hori hauspotzeak. Euskaltegien munduak ere sortu dit idazteko grinarik, izan ere, hezkuntzakoak txarto badaude, gu.... Baina, egiari zor, inor gutxiri interesatzen zaio gaia.
Presoen gaiarekin lotuta, Lanemezannen egindako bisitak barneak mugitu dizkit: Iurgirekin aurrez aurre eta kristalik gabe sei ordu, beste preso batzuekin kafea hartu eta besarkatu... Espainiako kristal atzeko 40 minutuetara ohituta gaudenoi, sinesgaitza egiten zaizkigu Frantziako baldintzak. Baina presoena ere ez da gai xamurra azken boladan, eta oraingoan gai hori ere ez hartzea pentsatu dut.
Esan bezala, benetako ezinegona sortzen didate Durangoko kanpaiek. Badakit! Ez naiz durangar petoa, eta baten batek horretan ez sartzeko esan dit, baina agian horregatik...
Izan ere, zazpiak laurden gutxitan S. Francisco komentukoak hasi eta Santa Ana eta Andra Marikoek jarraitzen diete, eta beste hainbatek, solasaldiak eten behar izaterainoko potentziaz gainera. Etxeetan plater baino erloju gehiago dauden garaian, ordu guztiak eta erdiak, egunekoak zein gauekoak, denak jotzen dizkigute gero eta bisitari gutxiago baina presentzia akustiko ikaragarria duten elizek. Inondik ere ez dute udalerriko zarataren ordenantza betetzen, baina hortxe darraite, dilin-dalan, dalan-dilin, ohitu ez diren herritarrak aztoratzen (beste guztiak ohituta daude). Bai, badakit hori ere kultura dela baina...
Tira, esan egin dut: Durangoko kanpaiena (ere) jasanezina da!