argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Lefebvre-enea
Aritz Galarraga 2020ko irailaren 22a

Beldurra diot iritsiko den egunari. Ze, ekidinezina da, badakit, noizbait, berandu baino lehen, iritsiko dela etxekoek sententzia hau paratuko didatena: “edo liburuak edo gu”. Munstroa hazi eta hazi ari baita azkenaldian, ezin eutsirik, zazpi bizitza balitu, balitu ez, banitu bezala –liburu guztiak irakurtzeko, alegia–. Txiki geratu zaigu bizitetxea hainbesterentzat –ehunka gutxi batzuk izango gara–. Eta beldurra diot egun horri, “edo liburuak edo gu”, ataka horretan, zer aukeratuko nukeen garbi daukadalako.

Horregatik, tarteka begiratzen ditut salgai dauden etxebizitzen iragarkiak. Horregatik eta bizigarria delako oso. Nik, inolako ondasun materialik –eta bestelakorik ere– ez daukan honek, etxebizitza bat erosi nahiko luke bere liburu guztiak bertan sartzeko –eta horrela bere etxetik bota ez dezaten–. Etxebizitza bat soilik liburuak gordetzeko –eta gero noski, ihesaldiren bat probestuta, inoren interferentziarik gabe patxadaz irakurtzeko–. Ez da erronka erraza. Aurtengo udan, ordea, helburua lortzetik oso gertu egon naiz. Etxebizitza bat ikusi nuen salgai, prezio onean, aski handia biblioteka duin bat hartzeko. Nabarrengosen zegoen gainera, etxetik gertu, baina era berean etxetik kanpo, hain zuzen Biarnon, hain zuzen Pierre Bourdieuren lurretan. Eta, pastizaren ginga, etxebizitza hori Henri Lefebvrerena izan zen, XX. mendeko pentsalari handienetakoa izan zenarena. Problema bakarra: iragarkia ez zela berri-berria eta eraikina jada salduta zegoela. Shit.

Liburuentzako etxebizitza bat erosi artean, beraz, ados nago bizikidetza plan bat behar dugula. Ni prest nago karga arintzeko, baina behar dut etxean biblioteka bat. Zenbat liburukoa da, hartara, biblioteka baten neurri egokia? Montaignek zioen, noski, ze listoa tipoa, berea: mila ale ingurukoa. Momentuz alde batera utziko dugu gaztelu batean bizi zela.