argia.eus
INPRIMATU
Ez da guregatik izanen
Bea Salaberri @beatxo 2020ko irailaren 23a

Bordeletik Baionara doan AHT aire zebilen, langilez eta oporretan zirenez betea agorril hondarreko igande arratsalde hartan. Bat-batean, bozgorailuetatik arreta galdetu zuten eta gutxi gorabehera honelako mezua zabaldu: “Bagoietan gaindi hainbat aldiz iragan ondoan, ohartu gara zuetarik hainbatek musukoa soinean ez daramala. Behartuak izanen gara isunak ematera eta trena gelditu beharko dugu neurria betetzen ez duena polizia zerbitzuen esku uzteko. Oroitarazten dizuegu maskarak janztea neurria dela zuengandik gure babesteko”.

Berehala, pentsatu nuen lapsusa izanen zela, kontrolatzaileak denek elkar babestea aipatu nahi zuela, zainetan zelako formulazio txarra aukeratu zuela, ez zela hain humanitate eskasekoa izaten ahal. Lapsusa zen?

Kontrolatzaileak, iragan zenean, ez zion nehori deus erran. Alta, horretarako legitimitatea zuen, bozgorailua ezkutalekutik erabiltzeko bezainbat. Pasa, isildu eta utzi zuen bidaiari multzoaren esku elkar zentzatzea.

"Bulegoan eguna maskaraturik pasa eta arratsean lagunekin aperitifak normaltasun osoz hartzen ditugu terrazatan, deus ez balitz bezala. Errebeldeak baikara"

Jakina, eztabaidak piztu ziren, truke idorrak, bozak igo, gordelekuan zeudenek utziak zituzten bidaiarien artean, elkar zentzatu nahian, bestela poliziaren esku, trena gelditua, beranta eta igande arratsa pikutara. Eritasuna.

“Ikasturte honetako sartzea alaitasunean iragan da” –zioen mantra moduan hezkuntza ministroak aste bat berantago–. Alaitasuna handia izateak lasaitu behar bagintu bezala. Eskoletako sartzea, sanitarioki, nola edo hala ongi burutu zen, teknikoki ez zen arazorik izan, ikasgelak prest, ikasleak bertaratuak, materiala heldua ikastetxeetara. Ez genuen gutxiago espero izaten ahal. Alta, anitzez lasaigarriagoa zitekeen, alaia baino, antolatua eta gogoetatua izan balitz.

Bizkitartean kontu da, erraten ez dena, nehorrek ez dakiela nola gauzatuko litzatekeen ikasleen jarraipena. Bakoitzaren esku egonen da berea egitea. Gero ikusiko da. Jakinaraziko zaigu egoera moldatu arau. Berriz ez zela gertatuko mailukatu baziguten ere, berriz egitekotan dira: haurren heziketa, oreka, gure biziak hipotekatzen dituzte.

Egoeraren larritasuna begi bistakoa da. Datuak txarrak dira aspaldidanik. Eta honen aldean, egoera zenbait inkoherenteak izaten ari dira. Uda pasa dugu denek, aire-hartzetan nerabeen gisan, mendietan, errepideetan, hondartzetan. Baimendu baitziguten. Bulegoan eguna maskaraturik pasa eta arratsean lagunekin aperitifak normaltasun osoz hartzen ditugu terrazatan, deus ez balitz bezala. Errebeldeak baikara edo bizia eskapatzen ez baitugu utzi nahi.

Honen parean deigarria da ihes kolektiboa, alde orotan mehatxuaren aipamena, arauena, zigorrarena, berehala testu legalei erreferentzia egin behar izana eta ororen buru, jendea erabaki ofizialen aurrean jartzea, dialogoa eta azalpena saihestuz. Ateak zabalik zartako partida zenbaitetarako. Deigarria da beldurra elikatzea eta aprobetxatzea. Beldurgarria antizipaziorako ezintasuna.

Eta hitzak.

Mundura agertzen gaituzte gure hitzek, hautatzen ditugunek, baita erraten ez ditugunek ere.  

Artikulu hau idazten dudan ostiral arrats honetako hitzak hauexek izan dira: “Egoera ez da ona, oroitarazten dugu bakoitzak errespetatu behar dituela babes neurriak, bestela neurriak hartzera behartuak izanen gara ondoko egunetan”. Ez da dena guregatik, baina badatorkigu zigorra.