Aurtengo udan Hegoaldeko biztanle guti menturatu da Espainiako Estatuko mugetatik kanpo. Hala egin duten bakanak harriturik itzuli dira. Hara, ez Frantzian, ez Italian, ez Alemanian ia-ia inork ez zuen musukorik eramaten espazio itxietan ez bazen. Aurpegia agerian zuela zebilen jendea, lasai, hondartzetan eta karriketan. Desobedientzia zibil antolatua? Bai to! Gurean ez bezala, Europako herri gehienetako administrazioek uste izan dute COVID-19ari aurre egiteko ez zegoela bizilagunak maskarara derrigortu beharrik.
Konfinamenduaren garaian bezala, Espainiako Erresumako biztanleok inon baino neurri zorrotzagoen uztarpean bizi izaten ari gara (a)normaltasun berria. Hala ere, Europako txapeldun bukatu dugu uda, kutsatuen kopuruari dagokionez. Nahita ari
"Neurri handiak, borobilak, erabatekoak exijitzen dizkiogu aginteari. Muturra okertzen dugu, ordea, ardura pertsonala eskatzen zaigunean. Nola uko egin lagunarteko errondattoari?"
naiz guka. Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatea ohorezko postuan daude, inork egon nahi ez duen zerrendan buru egiten duten eskualdeen artean.
Inon baino PCR proba gehiago egiten ari omen gara. Horra zergatik, hainbertze positibo. Bertze azalpen bat: agintarien deuseza, are gaiztakeria ere. Hala pentsatzeko ez da antisistema petoa izan beharrik. Gauzak makurren joaki zirelarik, lehengo apiril-maiatzetan, Estatuko eskuinak Sanchezi egozten zion errua. Espainiako gobernuburuaren jokaldi makiavelikoa izan da pandemiaren kudeaketa autonomia erkidegoei itzultzea. Datuak begi parean izanik, ez dirudi Madril peperoan finago ari direnik Katalunia independentistan edo Aragoi sozialistan baino. Denak deusez. Denak gaizto.
Osasun krisiak agerian utzi ditu sistemaren zuloak; euskal hedabideetan maiz irakurri dugu azken hilabeteotan. Gizartearen ajeak ere ipurdi-bistan gelditu direnik ez dut inon leitu. Neurri handiak, borobilak, erabatekoak exijitzen dizkiogu aginteari. Muturra okertzen dugu, ordea, ardura pertsonala eskatzen zaigunean. Nola uko egin lagunarteko errondattoari? Familiarteko bazkarittoari? Kuadrillarekin urtero herriko jaixetan egiten den afarittoari? Jairik ez bada ere. Zer ikusi, hura ikasi. Ekain aldera, lehen botila festak direla-eta nerabe eta nerabe ondoei astapitoak ez izateko erregutu zitzaielarik, berehala mindu ziren bazterrak: ez kriminalizatu gazteak! Irakasle jendeak badaki zenbat guraso dauden beren kume gaizki hezien edozein balentria zuritzeko prest. Buru-zuritze bat ez ote zen. 50 urte ederki beteak izanagatik gazte sentitzen gara hemen.
Parrandari loturiko aisialdi ohiturak, izaera saldokoia, elkartu beharra… Gure bereizgarriak? Ez dakit, bada. Arrunt espainolak gara, horretara jartzen garenean. Espainoletan espainolenak, batzuetan.