"Zoriontsu naiz nire isiltasunezko munduan"

  • Gorra jaio zen, gorrez osatutako familia batean. Zeinu hizkuntza du lehen hizkuntza, eta gor izaera baldintza bezala baino, identitate gisa bizi du. Gorren artean zeinu hizkuntzaren bertako aldaeraren alde egiten du, eta hizkuntzaren erabilera ez sexista bultzatu. Entzuleen artean zeinu hizkuntza, gorren kultura eta ohiturak ezagutarazi eta defendatzen ditu, audismoari kontra egiteko. Emakume, euskaldun eta gor gisa, badu nahikoa lan borroka batzuen eta besteen itzulpen lanetan. Baina hori ez omen da puska batean aldatuko eta nahikoa indar baduela dio. Eta nik sinetsi.  Zeinu-hizkuntza interpreteari nahikoa lan eman diogu.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Ainhoa Ruiz de Angulo. Gasteiz, 1988

Gizarte Langintza ikasi zuen Gasteizen eta gaur egun autonomoa da. Zeinu Kaxa zeinu hizkuntza akademia sortu zuen orain hiru urte Cristina Campo lagun eta lankidearekin batera. Zeinu hizkuntza irakasteko, gizartea sentsibilizatzeko, eta bi emakume, gazte eta gor enpresa bat sortzeko gai direla erakusteko ere bai, zergatik ez. Arabako Gorren Elkartea izan du bigarren etxe, eta han ere aritzen da borondatezko lanetan.

Gorrez osaturiko familia batean jaio zinen, gor, zu ere. Zertan irudikatu behar dugu entzuleekiko desberdina zure haurtzaroa?
Nire gurasoak gorrak dira, eta amaren aldetik osaba bat eta aitaren partetik izeba bat ere bai. Eta anaia gaztea ere gorra dut. Oso desberdina da familia entzule batean gor jaiotzea, edo gor jaiotzea gor familia batean. Niretzako erabat normala zen. Hori bai, gurasoek hartu behar izan zuten erabakietako bat nire eskolaratzeari buruzkoa zen: gorren eskolara eraman, Bilbora edo Bergarara, ala entzuleen eskolan saiakera egin? Aitaren familiak Bizkaiko, gor-mutuen eskolan ikasi zuen, Deustun. Garai hartan ez zegoen aukerarik beste ezertarako. Baina  nire garaian ere, ez pentsa. Hemen, Gasteizen, ez zegoen ni bezalako umerik, alegia, lehen hizkuntza zeinu hizkuntza zuenik. Bazeuden urte batzuk nagusiago zirenak, gor familietan jaiotakoak, eta haiek gorren eskoletan zeuden.

Zalantza horrekin batera inplante koklearrarena zegoen. Oraindik berria zen eta probak egiten ari ziren. Orain oso zabalduta dago, baina garai hartan ezezaguna zen. Ebakuntza arriskutsua zen, emaitzen fidagarritasuna ere ez zen gaur egun bezain handia… Eta azkenean, erabaki zuten entzuleen eskolara joango nintzela, audifonoekin. Pentsatu zuten hizkuntza bateko eta besteko erreferentziak banituela familian, bai gorrenak, etxean, eta bai izeba-osaba, lehengusu eta amama entzuleenak ere, eta huraxe iruditu zitzaien aukera onena bi hizkuntzak barneratu nitzan. Nik azkenean bi munduak bizi izan ditut, bai entzuleena eta bai gorrena.

Zer moduz moldatu zinen eskolako lehen urte haietan?
Ba, egia esan, entzuleekin ere ez nuen nire burua desberdin ikusten. Ez dut inoiz izan bereziaren etiketa. Egia da nire izaerak ere eragina izan duela horretan. Amonak eramaten ninduen eskolara eta beti esan izan dit han joaten nintzela bere gonapetik eskolako atarira korrika batean. Eta hizkuntzari dagokionez, nire inguru hurbilean bazeudenez entzuleak, ohituta nengoen ahozko hizkuntzara. Gainera, hasieran komunikazio bisualean oinarritzen ziren jolasetan aritzen ginen. Behin nagusitzen hasitakoan,

Lehen Hezkuntzan eta aurrerago, hor bai, komunikazioa sakonagoa bihurtzen da eta hor hasi ziren zailtasunak. Izan ere, pertsona bakarra edukiz gero aurrez aurre, lasai hitz eginez gero, eta denbora laburrez, ondo molda zaitezke. Baina  denbora luzez, edo jende gehiagorekin, oso neketsua da, begientzako batez ere. Askotan irakasleei ahaztu egiten zitzaien ni gorra nintzela. Ez da antzematen den gauza bat. Gurpildun aulkia duenari ikusi egiten zaio, baina gorrekin ez da hori gertatzen.

Hala ere, eskolan zorte handia izan nuen. Irakasleak asko egokitu ziren nire egoerara. Eta zorionez nire izeko Almudena beti aritu da niri jarraipena egiten. Etxera itzultzen nintzenean ordu asko pasatzen nituen berarekin eskolan ikasitakoa behin eta berriz errepasatzen, osatzen... Nik nire kide entzuleek baino askoz lan gehiago egin behar izan dut haien erritmora joan ahal izateko.

"Etengabe oralismoan bizi diren gorrek estres handia bizi dute egunerokotasunean. Horregatik da inportantea gor komunitatea eta gor identitateaEntresaka"

Eta Lehen Hezkuntzatik aurrera, nerabezaroan…
Gogoratzen dut 3. DBHn, berritzeguneko hezkuntza berezirako koordinatzaileak, Marisolek, niretzako gelarako interprete zerbitzua lortu zuela, borroka askoren ondoren. Eta orduan galdetu zidan ea interpretea nahi nuen. Eta nik erantzun nion ezetz. Hark ezin zuen sinetsi. “Zergatik ez? Oztopo gehiago izango dituzu, gehiago sufrituko duzu...”. Ni ez nintzen konturatzen garai hartan. Gorra nintzela bai, baina horraino. Erakutsi nahi nuen besteak bezalaxe moldatzeko gai nintzela. Oso burugogorra nintzen, dena esan behar bada. Bi urtez eutsi nuen horrela, baina  gero eta ikasgai gehiago neuzkan, eduki konplexuagoak, eta batxilergora iritsi nintzenean amore eman nuen. Orduan, Arabako ikastetxe bateko lehen interpretea nirea izan zen. Eta hor nabaritu nuen desberdintasuna.

Lehenago, nire gortasun ikusezin harekin ez nuen gelan parte hartzen eta ikusezintasuna bikoiztu egiten zuen horrek. Irakasleak zerbait galdetzen zuenean, jendeak besoa jasotzen zuen eta nik ez; nik galderaren bat baldin banuen, itxaron egiten nuen, eta pentsatzen nuen “gero galdetuko dut”, baina ez nuen galdetzen. Interpretea jarri zidatenean, irakasleak konturatu ziren nik bat-batean asko parte hartzen nuela. Etengabe eskua jaso eta jaso. Orduan arreta gehiago ematen zidaten, eta hor nengoela askoz gehiago nabaritzen zen. Batxilergoko ikaskideak ere berriak zirenez, orduan jabetu ziren nik ere zeresana nuela eta zeinu hizkuntza zela nire ahotsa.

Argazkia: Dani Blanco

Zure ahotsa zeinu hizkuntzaren bidez entzun daiteke, baina  nire lehen hizkuntza gutxitua bada, zurea…
Euskaldunek hobeto ulertzen naute, horregatixe. Guk ere gure hizkuntza dugu, gure kultura propioa eta ohitura propioak. Hizkuntza da, eta ez hizkera bat. Bere egitura dauka, bere gramatika propioa, beste edozein hizkuntzak bezala. Maiz pentsatzen da ahozko hizkuntzetatik eratorritakoa dela, edo ahozko hizkuntza ordezkatzeko edo osatzeko hizkuntza, baina ez, sistema beregaina da. Zeinu hizkuntza guztiak dira gutxituak haien berezko ingurunean. Jendeak ezezagutza handia du, eta sentsibilitate gutxi. Gor-mutuen hizkuntza esaten zaio, pentsa. Gu mutuak ez gara. Arazoa zein da? Zeinu hizkuntza erabiltzen dugunon artean gehienok gorrak garela, eta entzuleak honetan inplikatzea zaila dela.

Zein da erabiltzen duzun zeinu hizkuntza?
Konplexua da kontua. Hegoaldean ofizialki ezagututa dagoen bakarra Gaztelaniazko Zeinu Hizkuntza da. Hala esaten zaio, baina  ez du ahozko gaztelaniaren egitura. Katalunian, adibidez, ibilbide historiko luzea duen hizkuntza propioa dute, egitura eta zeinu errepertorio propioa dituena. Gurean geure zeinuak baditugu, baina goitik beherakoa ez dago jasota, ez dago hiztegirik, ez dago material didaktikorik, ez dago ikerketarik... Erabiltzen duguna gaztelaniazko zeinu hizkuntza da, hemengo zenbait zeinurekin. Ahozko euskaratik transferentzia gutxi egon da, besteak beste, bestelako hizkuntza politikengatik. Izan ere, hemengo hezkuntza sisteman gorrek ez dute inoiz euskara ikasi. Garai hartan hezkuntza arduradunek erabaki zuten ez zutela nahikoa gaitasunik eta hizkuntza bakarra ikastea aski zela irakurtzeko eta idazteko.

Hala ere, nahitaez sortu izan dira bertako zeinuak. Eta lagun artean gertatzen zait, adibidez, norbaitek galdetzea: “Hori ze zeinu da? Hori zaharren hizkera da!” eta nik esaten diet “ez, hori zeinu euskalduna da”. Eta asko ez dira konturatzen horretaz eta amorrua ematen dit. Azkenean kanpoko eraginez hemengo zeinuak galtzen ari dira. Gorren elkartean, esaterako, jendeak zeinu horiek erabiltzen ditu. Baina  zeinu hizkuntza erabiltzen duten gor gehienak ez dira gorren familietan jaio, zeinu hizkuntza bigarren hizkuntza bezala ikasi dute, eta ez dute hemengo hizkuntza transmisiorik jaso... Ni oso astuna naiz horrekin. Niri galdetzen didate “zeinu hau hemengoa da?” eta nik, “bai, Gipuzkoakoa” edo “Bizkaikoa”. Denek balio dute, noski, eta aberastasun bat da, baina  horretan ere kontzientzia falta zaigu. Emakumeen zeinuekin falta zaigun bezala, esaterako.


“Kalean poliziak atentzioa deitzen digu, eta nahiz eta esan gorrak garela eta musukoa kendu behar dugula, berdin zaie, eta izugarrizko liskarrak izaten ditugu”

Emakumeen zeinuak?
Bai. Begira, nire aitak eta nire osabak gizonen zeinuak dituzte adibidez. Deustuko gorren eskolan neskak eta mutilak bereizita egoten ziren. Orduan, nire izekok eta nire amak erabiltzen dute zeinu bat gauza bat esateko, eta aita eta osabak beste bat. Eta nik biak jaso ditut, eta erabiltzen ditut. Kontua da emakumeen zeinuak errazago galtzen direla gizonenak baino. Ez horrela inposatu delako, baizik eta emakumeak moldatu direlako gizonen zeinuetara eta ez alderantziz.

Gizarteko sexismoa islatzea ez da ahozko hizkuntzen kontua, beraz…
Noski. Pentsa, gure zeinu hizkuntzan “gurasoak” esateko, adibidez, “aita” eta “ama” hitzak konbinatzen dira, bata bestearen atzetik. Lehenengo “aita” esaten da eta gero “ama”. “Aita” esateko zeinua egiten da eskua horizontalki jarriz, lehenik kopeta eta gero okotza ukituta. Zeinua bertikala da eta goitik beherako. “Ama”, aldiz, eskua bertikalki jarriz, lehenik eskuin masail bazterra eta gero ezker masail bazterra ukituta esaten da. Horizontala da zeinua, anplitude gutxiagokoa, aurpegiaren behealdean egiten da... indar gutxiago du. Horrekiko badago eraldaketarako proposamenik. Batzuek aitaren zeinua, adibidez, behetik gora egitea proposatzen dute. Edo guraso hitz elkarketan “ama” lehenago jartzea. Baina hizkuntza modu sexistan erabiltzen da, gizartea sexista delako. Eta gurean, are gehiago dago kontua generizatuta. Zeinu hizkuntza ikasle gehienak emakumeak dira. Elkarteetan sartzen direnak, komunitatera hurbiltzen direnak… Interpreteak ere emakumezkoak dira ia denak. Eta bikote harremanetan ere nabari da! Mutil gor asko daude neska entzuleekin, aldiz, neska gorrak mutil entzuleekin, oso gutxi. Homosexualen artean aldiz, askoz kasu gehiago ematen dira, bai nesken eta bai mutilen artean. Ez da kasualitatea.

Bestelako bereizkeria sistemez gain, audismoa ere jasaten duzue gorrok. Audismo hitza pertsona gorrekiko mespretxua edo entzuleon nagusikeria adierazteko erabiltzen da, baina  gure ahozko hizkuntzen hiztegietan agertu ere ez da egiten... Ez da agertzen, ez duzuelako ikusten, baina  egon badago. Gizarteak derrigortzen gaitu integrazio erabateko bezain ezinezko batera. Guk ez dugu inoiz besteek bezain ondo entzungo, ahozko hizkuntza ez dugu besteek bezain ondo menderatuko, eta ez ditugu baliabide berdinak izango, inplanteak edo audifonoak jarrita ere. Logopedarekin mila ordu pasata ere. Eta horrek ziurgabetasuna sortzen du; bakardadea, isolamendu sentsazioa, eta munduan galduta egotearen sentimendua. Ikasketa munduan, lanean, kalean… Dena dago entzuleenzat egina.

Zinemara joan eta azpititulurik ez dago. Koronabirusa dela eta Osakidetzako kontsultak telefonoz egin behar dira. Oposaketetako azterketa egitera joan eta interpreteari deitzea ahaztu zaie. Azkenean denbora asko pasatzen dugu halako egoerak aurreikusten ere: “Espero dut pareko pertsonak ulertuko duela gorra naizela”, edo “egon dadila sentsibilizatua”, edo “izan dadila jatorra”. Askotan oso desatsegin hitz egiten digute. Zenbat eta desatseginago, orduan eta okerrago ahoskatzen dute, eta horrek ez du egoera errazten! Nik izan behar dut asertiboa, irribarretsua, abegikorra, eta behin eta berriz nire buruari errepikatu “pertsona entzule guztiak ez dira berdinak”... Arnasa hartu, eta segi. Etengabe oralismoan bizi diren gorrek estres handia bizi dute egunerokotasunean. Horregatik da inportantea gor komunitatea eta gor identitatea. Aldiz, gero eta inplantatu gehiago daude eta oralismoak gora egin du. Horrek beldurra sentiarazten digu gutako askori.

Beldurra, zeinu hizkuntza desagertzekoa?
Batez ere, gorren bizi-mailak behera egitearena, oro har. Orain ez hainbeste, baina inplantearen aurkako sutsua izan naiz gaztetan. Nik ez dut inplanterik nahi, zoriontsu naiz nire isiltasunezko munduan, baina, baliabide on bat izan daiteke nahi duenarentzat. Nire inguruan, inplantearen kontra zeuden gor batzuk guraso egin direnean, haien haurrei inplantea jarri diete. Ba ederki! Badituzte gor erreferenteak, zeinu hizkuntza primeran hitz egingo dute, eta gainera ahozko hizkuntza ikasteko eta erabiltzeko erraztasun handiagoa izango dute inplanteari esker. Arazoa da inguru entzulean jaio diren haurrei inplantea jarri, eta bestelako erreferenterik ez izatea –eta gehiengoa familia entzuleetan jaiotzen da–. Gainera, medikuek bereziki positiboki informatzen dituzte guraso kezkatuak: “Egon zaitezte lasai, bizitza normala egin ahal izango du”.

Baina  ez da guztiz horrela. Inplanteek ez dute beti ondo funtzionatzen, matxurak izaten dituzte... eta ez du guztientzat balio. Eta hori arazo bat da. Egokiena litzateke inplantea jarrita ere zeinu hizkuntza egotea ume horren inguruan, hasieratik. Eta gor erreferenteak. Zeren erreferenterik gabe, ez dakite zer den gorra izatea. Ez dakite haien burua babesten, ez dakite laguntza eskatzen ez exijitzen. Gorrekin egon eta estrategiak konpartitzeak gizarte zabalean mugitzen ikasteko ere balio du.

Pandemia egoera honek zer eragin izan du pertsona gorren egunerokotasunean, entzuleek jasan behar izan dutena jasateaz gain?
Musukoekin egoera asko okertu da. Jendeak uste dute musukoak gardenak direla edo superbotereak ditugula, tartetik ikusteko. Nola pentsatzen duzu egin dezakedala ezpain irakurketa? Ez dut ezer ikusten, eta, beraz, ez dut ezer ulertzen. Eta eskatzen dut “Mesedez, jaitsi dezakezu musukoa?”, eta ez dute ulertzen. “Ezin dizkizut ezpainak ikusi”, “Zer?”, “Ezin dizut entzun”, “Zer?”, “Hobeto idazten baduzu”. “Zer?” “Idatziko didazu? Idatzi, paper batean”. “Nola?”. Eta utzi egiten dut kontua, ze azkenean oihuka hasiko zara nik hobeto entzun dezadan eta jendeak begiratu egingo dit eta lotsatu egingo naiz. Asko kostatzen da berez, eta musukoa oztopo bat gehiago da orain. Gorrek elkarrekin zeinu hizkuntzan hitz egiteko ere musukoa kentzea beharrezkoa da. Zeinu asko oso antzekoak dira eta ez da gauza bera hatza ezpainen erdialdean ala bazter batean jarri, eta hori musukoarekin ez dago ikusterik. Informazioa galtzen da eta dena anbiguoagoa bihurtzen da.

Kalean poliziak atentzioa deitzen digu, eta nahiz eta esan gorrak garela eta behar dugula, berdin zaie, eta izugarrizko liskarrak izaten ditugu. Asko arduratzen nau etorkizunak. Eskoletan ume gorrak zer egoeratan egongo diren, nola egingo duten lana logopedek, interpreteek… Hemen, gorren elkartean, pertsona nagusiek ere ezin dute sozializatu. Eta ez dira eguneko zentroetara joaten, entzuleekin komunikatzea zaila zaielako, orduan ez daukate norekin egon. Aurrera egin ordez atzera egiteko beldur naiz. Estres handia sortuko digu honek, eta berriz ere gizartean gutxiago parte hartuko dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude