argia.eus
INPRIMATU
Trantsizioaren gotorlekuari setioa
Itziar Bardaji Goikoetxea 2020ko irailaren 16a

Espainiako Estatuko lau presidente ohik –eta beste pertsonaia batzuek– epaile baten erabakietan eragiteko asmoz idatzitako gutunek Trantsizio izeneko gotorlekuaren defentsarako konplexurik gabeko intentzio irmoa eszenaratzen dute.

"Harresien zaindari, erdi aroko zaldunak eta ezkerraren espazioa usurpatu duen mertzenario talde bat, beren zerbitzuak preziorik hoberenean saldu dituztenak"

Gaztelua estatu eredu bat da, askatasuna ulertzeko zinezko ezkerreko forma onetsi ezin duena, bateraezina baitzaio. Gazteluaren ziegetan, inpunitate eredu bat, bide bazterretan milaka biktima utzi dituenak, giza duintasuna urratua.

Noblezia eta kleroa babesten dituzten harresien zaindari, erdi aroko zaldunak eta ezkerraren espazioa usurpatu duen mertzenario talde bat, beren zerbitzuak preziorik hoberenean saldu dituztenak: erregea lotsagabeena, Felipe González zinikoena, Zapatero diskretuena. Sánchez koldarrena ala isilena?

Lerro hauek idatzi bitartean, aurrera doaz Servini epaileak Martin Villa prozesatu ala ez erabakitzeko epearen 10 egunak. Agian, hitzok errotatiba batek paper satinatuan itsatsi orduko indarkeriaren oinordeko den estatu honen harresia su bola batek gaindituko du, herriaren etengabeko ekintzak eragindako katapultatik. Zorionak eta eskerrik asko urtetan lan honetan aritu zaretenei.