Pandemiatik ikasiko dugula esan genuen. Sentitzen dut. Gero eta argiago dut. Ez dugu ezer ikasiko. Gauza batzuk erakutsi, bistaratu, seinalatzen baditugu, gaitz erdi. Bizi gaituen sistemaren errai gupidagabeak agerian baitaude. Krisian, krisi askotan, bizi ginen COVID-19a etorri orduko.
Indartsuago aterako garela dioskute. Indartsuago? Ez dut uste. Aterako gara? Nekez. Gara? Nor gara gu? Zer gara gu? Ez gara indartsuago aterako. Indartsuago aterako dira. Indartsuago aterako dira estatu nazionalismo inperialistak. Mugak desagertuko zirela, munduko herritar izango ginela... eta egoera gordin jartzen denean, estatua eta estutua. Muga fisiko eta sinbolikoak inoiz baino agerikoago, debeku (ez egin behar) eta nazionalismo dosi jasangaitzarekin batera.
Boteretsua indartu eta ahula birrindu. Egia da krisi egoerak iraultza eta aldaketarako aukera paregabeak izan daitezkeela, baina horretarako errotiko aldaketak behar dira. Bestela, ezberdintasunak eta zapalkuntzak areagotzea, besterik ez du
"Kontatu indartsuago aterako denaren kopla hilabete bukaerara nola iritsiko den ez dakien horri"
ekarriko. Kontatu indartsuago aterako denaren kopla hilabete bukaerara nola iritsiko den ez dakien horri. Esan indartsuago aterako garela koronabirusa gora koronabirusa behera bere hizkuntzari mespretxuak behin eta berriro ikusten dituenari. Esan, esan. Eta adibideak zerrendatzen jarrai dezakegu, ito arte.
Etsipenak, ordea, ezer gutxirako balio du. Aldarrikapena eta mobilizazioa, besterik ez zaigu geratzen. Zer egingo dute aginte publikoek? Sektore zapaldu eta ahulenak babesteko politikak bideratu ezean, arazoaren parte besterik ez dira izango. Pertsona helburu, dio erakundetako baten leloak. Kapitala helburu, dio praktikak. Produktibitatea eskatu behar zaie erakundeei, baina ongizatearen produktibitatea, ez kapitalarena.
Esaterako, politika feministagoak aurreikusten dira krisitik irteteko planetan? Ez. Aukera dago? Bai. Nondik hasi, behintzat, erakutsi digu egoerak. Konfinamendu garaian bizirauteko oinarrizkotzat jo ziren zerbitzu gehienak oso sektore feminizatu eta prekarizatuak zirela ikusi genuen. Prekarizatuak, feminizatuak direlako. Feminizatuak, prekarizatuak direlako. Funtsezkoak badira ere, ez dute inongo aitortza sozialik. Zergatik ez dute prestigiorik? Emakumeek egiten dituztelako. Zergatik geratzen dira emakumeen esku? Prestigiorik ez dutelako. Sektore horiek merezi dute aitortza sozialean eta lan baldintzetan esku hartzea.
Bestalde, etxealdiak eta eskolak ixteak zaintzarekin dagoen arazoa gordinki erakutsi digute. Eta telelanari buruz zer esan: karamelu pozoitua baino ez dela, aldi berean lanean eta zaintzan, demasa. Ba al dute erakundeek zaintzari aterabide publikoa emateko borondaterik? Familien eremu pribatuko arazoa bailitzan jokatzen dute. Eta zaintzaren beste aurpegi bati begiratuta, zahar-etxeetako utzikeriak ageriko egin du pribatizazioak dakarrena. Ba al dago publifikazioan sakontzeko asmorik?
Lan arloari erreparatuta, estatistika desagregatuen faltak ez digu uzten egoerari tamaina hartzen. Baina behin behinekotasunak eta prekarietateak emakume aurpegia badu, egoera zaurgarrienean emakumeak egongo direla aurreikustekoa da.
Benetan indartsuago ateratzeko, krisitik irteteko planek ezberdintasunetatik abiatu behar dute. Begirada feministarik ez badute, plan patriarkalak izango dira. Ezberdintasunaren gainean ezberdintasun gehiago jartzea. Beste horrenbeste, jendartean ditugun edozein menderakuntza edo ezberdintasunen talaiatik begiratuta.