1968ko maiatza, Cannes: urte hartako zine jaialdia hasi eta hiru egunera, hilaren 13an, ikasleek festibala hartuko dute. Manifestazioek bultzatuta proiekzio asko bertan behera geratuko dira eta zinegileek ere beren ekarpena egin nahi izango diote borrokari. Hainbat zuzendarik –Jean-Luc Godard, Roman Polanski, Fançois Truffaut edo Louis Malle, besteak beste– jaialdia bertan behera uzteko eskatuko dute atxilotutako ikasle eta langileekin elkartasunez. Giroa nahasita dabil Frantziako Estatuko zeluloidearen munduan bestela ere, André Malraux Kultura ministroak Zinemateka frantseseko zuzendari Henri Langlois kargutik kendu du eta erabakiak animoak berotu ditu.
Giro zalapartatsu horren erdian jaialdiak aurrera segi nahi du, baina antolatzaileen erabakiaren kontra Louis Mallek, Monica Vittik eta Roman Polanskik epaimahaia utziko dute eta beste zuzendari batzuek –Alain Resnais, Carlos Saura eta Milos Formanek, besteak beste– euren pelikulak aterako dituzte lehiaketatik. Maiatzaren 19an, azkenik, jaialdia bertan behera geratuko da. Ez hori bakarrik: edizio hartako istiluen fruitua da 1969tik Cannesen antolatzen den Zuzendarien Hamabostaldia, festibal ofizialaren paraleloan sortua eta hasieratik edozein zentsura edo presio politikoren aurka zegoela adierazi zuena.
Frantzipar horrek Europako beste zine jaialdietan ere joko du hurrengo urteetan. Adibidez, Veneziako Mostrak 1969tik 1972ra bitartean ez du saririk banatuko eta autokritika prozesu sakona abiatuko du. Italiako zinegileek boikotatu egin zuten jaialdia 1972an eta 73an, zinema italiarraren jardunaldiak antolatuz, oso jendetsuak publiko aldetik eta oso erradikalak politikoki. Protestarako arrazoiak ez ziren falta. Nagusienetako bat, 1968tik behin eta berriz errepikatua, zera zen: Mostrak ez zituela barne-estatutuak aldatu Benito Mussoliniren erregimen faxista betean sortu zen garaitik. Giro erdi-iraultzailean, 1973an aldatu zituzten azkenik, eta horri esker, Veneziako festibala –baita Arte Biurtekoa ere–, beste modu batera pentsatzeko ateak zabaldu ziren, objektu artistikoen salerosketarako baino, une hartako egoera politikoari erantzuten saiatzeko –Txileko estatu-kolpea, Soviet Batasuneko disidenteak...–.
Berlinaleren kasuan, 1970. urtea izango da inflexio-puntua. Michael Verhoevenen OK pelikula lehiaketatik kanpo uztearen alde egingo du epaimahai ofizialak, filma oso kritikoa zelako AEBetako armadarekin eta Vietnamen egin zuten esku-hartzearekin. Zentsuraren aurkako protestak berehala hasiko dira, jaialdia bertan behera geratzeraino. Eta Cannesen edo Venezian bezala, festibala planteamendu zinematografiko eta politiko arriskatuagoen bidez birpentsatzeko prozesua hasiko da, zeinean pisu handia izango duten 1963tik Berlinen filmak programatzen ari zen Zinemateka Alemaniarraren Lagunak taldeak: kolektibo horrek 70eko krisiaren ondoren Berlinaleko lehiaketa ofizialaren paraleloan funtzionatuko duen ekimena jarriko du abian: Forum.
Aurrekari horiek ikusita, La Parrak uste du Donostiako Zinemaldian 1977an gertatutakoa “desplazatutako 68 bat” balitz bezala ulertu behar dela. Beste gauza asko bezala, Europako haize berriak berandu iritsi ziren hona, Francoren erregimenak atzerapen-mekanismo gisa funtzionatu zuen eztabaida politiko eta kulturalentzat. Beharbada berandu ibiltzearen kontzientzia horrek lagun dezake ulertzen zergatik ekin zioten Zinemaldia eraldatu nahi izan zutenek urte haietan hainbesteko grinarekin, atzerriko bisitariak harritzeraino, baita orain, artxiboa hitz egiten hasi denean, garai hura bizi izan ez zuten pertsonak ere.