Espainiako Gobernuak baimena eman zion Zaldibarreko alkateari 1998. urtean zabortegiari buruzko herri kontsulta burutzeko. Herri Batasunaren proposamena Grupo Independientek eta EAJko zinegotzi batek, Eitzaga auzokoa hain zuzen, proposamenaren alde emandako botoei esker aurrera atera zen. Hala ere, udaletxeak ez zuen aukera hori gauzatu. Orain hiru urte, orduko alkate ohiak Gure Esku Dagoren kontsultan parte hartzeko gonbitea luzatu zien herritarrei.
2003. urtean, EAJko beste alkate batek herriko arau subsidiarioak aldatu zituen zabortegiaren proiektuari bultzada emateko. Jaurlaritzako Ingurumen Sailak proiektua onartzeko behar zuen udal plangintzarekiko bateragarritasunak udaletxearen arkitektoaren oniritzia zuen, Eusko Legebiltzarreko lehendakaria izandakoaren semea berau. Alkatea bera, kargua utzi ondoren, arkitektoaren enpresa bateko ordezkaria bihurtu zen. 2011. urtean, Bildu alkatetzara heldu baino bi aste lehenago, zabortegiari jarduera-baimena eman zioten.
"Alkatea bera, kargua utzi ondoren, arkitektoaren enpresa bateko ordezkaria bihurtu zen. 2011. urtean, Bildu alkatetzara heldu baino bi aste lehenago, zabortegiari jarduera-baimena eman zioten"
Zabortegiko ingeniariaren osaba, EAJko diputatu ohia, gaur egun Indumetaleko lehendakaritzan dago. Indumetal ikerketapean dago egun, birziklapenean burututako irregulartasunak medio. Ingeniariaren aita Luzaroko lehendakaria izan zen, Jaurlaritzak parte-hartzea duen erakunde honek zabortegiari eta Indumetali makina euro mailegatu dizkie.
Kakatza honetan PSEk ere badu bere txokoa. Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak, Eibarreko alkate ohia zela, zabortegiaren arduraduna ezagutu zuen, eta haren hainbat enpresa udaletxeak bultzatu edo onartutako zenbait proiektutan murgildu ziren, horietako batzuk nahiko eztabaidatsuak. Alkate zenaren idazkariak zabortegiaren ordezkari lanak ere egiten zituen.
URA Agentziako zuzendaria zabortegiaren arduradunen enpresa baten lehendakaria da, eta SPRIko zuzendari orde ohi batek zabortegiko akziodunekin harreman sozietarioak izan ditu. Zabortegiko ordezkari ohi batek eta zabortegiko kudeatzaileak sortutako enpresa baten lehendakaria izan zena Gipuzkoako Ingurumen zuzendaria da orain.
Zirkuluaren koadratura bukatzeko, Gipuzkoako Ingurumen zuzendariaren anaia, enpresa pribatu bateko ingurumen saileko zuzendari ohia, Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren zuzendaria da. Enpresa horren sortzailea beste enpresa bateko lehendakariordea izan zen. Azken honetan Zaldibarreko alkate ohia ordezkari izendatu zuten eta udaletxeko arkitekto ohia lehendakaritzan zegoen.
Euskal oasiaren ate birakariak komuneko ur-zurrusta kulunkarien gisakoak dira, mataza horren haritik tiraka jarraituko dugu.